Euskal gazteen iritziz, norberaren erantzukizuna gakoa da Covid19-aren prebentzioan

0
  • Gazteen % 84,6k baieztatzen du pandemiaren aurrean arduratsua izaten ari dela
  • 15 eta 34 urte bitartekoek uste dute osasun-egoerak beren bizi-ohiturak aldatu dituztela, eta hala adierazi dute

Euskal gazteriaren iritziz, arduraz dihardu pandemiaren egungo egoeraren aurrean, eta uste du norberaren erantzukizuna gakoa dela Covid19-aren prebentzioan. Hamar gaztetik zazpi nahiko edo oso ados dago kutsadurak saihestea gobernuen esku baino pertsonen esku dagoelako ideiarekin. Gainera, 15 eta 34 urte bitartekoek uko egiten diote neurriak alferrekoak direlako ideiari (% 67,4 ez dago ados horrekin), eta gehienek inkesta egiteko unean indarrean egon diren neurriak bultzatzen ditu. Hamarretik zortzi alarma-egoera dekretatu izanaren alde daude.

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 34 urte bitarteko gazteei eginiko ‘Nola daramazu’ inkestatik ondorioztatu dira; inkesta horren bidez, euskal gazteek pandemiaren etapa honetan eta alarma-egoera dekretatu ondoren eta kutsadurak prebenitzeko neurri berrien ikuspegiaren inguruan dituzten iritzi eta bizipenak ezagutu nahi dira. Inkesta urriaren 30aren eta azaroaren 4aren bitartean egin zen, eta 1.423 pertsonak parte hartu zuten.

Maskararik ez daramatenei edo egoki jantzita ez daramatenei isuna jartzeak gazteen % 81,6ren babesa du; botiloirik egon ez dadin parkeak 23:00etan ixteak, % 78,2rena, eta gazte-lokalak ixteak, % 71,5ena.

Hala ere, gazteenak ez daude kontu guztiekin ados, besteak beste:

  • Gaueko mugikortasunaren mugarekin ez daude ados 20 eta 24 urte bitartean dituzten gazteen % 56,4 eta 15 eta 19 urte bitartean dituzten gazteen % 53,6.
  • Bilerak sei pertsonatara mugatzeari uko egiten diote 20 urtetik beherako gazteen % 55,1ek.
  • Eta 20 eta 24 urte bitarteko % 56,9 ez daude ados konfinamendu perimetralarekin.

Inkesta egin zen egunean indarrean zeuden neurri batzuei buruzko iritzia ikertzeaz gainera, etorkizunean ezar litezkeen beste batzuei buruz ere galdetu da. Inkesta egin zen egunetan indarrean ez zeuden neurri horiekiko adostasuna baxuagoa da. Hala, % 68,6 ez dago ados erabateko konfinamenduarekin, eta % 71,7, asteburuko konfinamenduarekin.

Zenbait eremutan kutsatzeko erraztasunari buruzko iritzien atalean, euskal gazteek uste dute oso erraza edo nahiko erraza dela proposatutako eremuetan kutsatzea. Hala, ia gazte guztiak dira aisia-jarduketa batzuek -besteak beste, botiloia- dakarten arriskuaren kontziente: % 94,6k uste dute kutsatzea oso edo nahiko erraza dela. Modu berean, beste espazio batzuk identifikatu dituzte, batik bat garraio publikoa eta familia-bilerak, kutsatzeko arrisku handiko leku gisa (% 87,6 eta % 76,1, hurrenez hurren).

Ohitura-aldaketa

Bestalde, euskal gazteek uste dute osasun-egoerak aldatu egin dituela beren bizi-ohiturak, eta hala adierazi dute. Pandemiak eta aisiako, bilerarako eta mugikortasunerako aukeren mugek nabarmen murriztu dute jaiak edo botiloiak egiteko maiztasuna (gazteen % 69,6k lehen baino gutxiagotan egiten du), bai eta tabernetara joatekoa (% 63,1) eta bizikide ez diren familiartekoak bisitatzekoa ere (% 63,8).

Beste zenbait jardueratan ere eragina negatiboa izan da, besteak beste: boluntariotza edo ligatzeko web edo aplikazioen erabilera. Egoera horrek, berriz, gorakada nabarmena ekarri du sare sozialen erabileran eta online erosketetan.

Sare sozialen erabilera ordurako ohikoa zen gazteetan, baina nabarmen areagotu da, eta % 52,4ra iritsi da pandemian lehen baino gehiago erabiltzen ari direla diotenen ehunekoa. Erabileraren igoera horretan emakumeak nagusitzen dira (% 56,2k gehiago erabiltzen dituzte) eta, batik bat, 20 urtetik beherakoek, neska zein mutil (% 60,3). Online erosketetan ere igoera egon da; % 37,5ek lehen baino gehiago egiten dute. Ehunekoa pixka bat altuagoa da 25 eta 34 urte bitartekoetan (% 40,1), normalean erosteko ahalmen handiagoa izaten baitute.

Gainera, gazteen ia erdiak dio pandemiaren ondorioz bidaiaren bat egiteari edo aurtengo urterako aurreikusita izan duen ospakizunen bat egiteari uko egin diola (% 46,7).

Hamarretik ia baten ustez (% 8,9), pandemiak eragina du beren kontura bizitzera joateko ezintasunean, eta ia ehuneko berak, % 9,7k, ezin izan du lana aldatu. Hamar gaztetik batek (% 10,8) berriro ikasten hasi dela esan du (unibertsitate-gradua, LHko modulu bat edo master bat), nahiz eta aurtengo urterako aurreikusita izan ez.

Ondorioak

Inkesta horren ondorioek islatzen dute euskal gazte gehienek uste dutela arduratsu dihardutela egoerarekin, eta hartutako prebentzio-neurriak bultzatzen dituztela (azaroaren 4a baino lehen, inkesta egin zen eguna baino lehen; beraz, ostalaritza itxi eta mugikortasunerako azken ordutegi-mugaren aurretik).

Aurtengo udazkenean gazteen artean pandemiaren inguruan hedatuen dauden sentimenduak erantzukizuna eta konpromisoa dira. Gazteen % 84,6k baieztatzen du pandemiaren aurrean arduratsua izaten ari dela; ez dago alderik sexuari edo adinari dagokionez. Bigarren sentimendu hedatuena amorrua da; 10 gaztetik zazpik bizi dute amorrua. % 68,1 oso edo nahiko arduratuta dago. % 65,8 aspertuta dago. Eta gazteen erdiak tristezia (% 55,2) eta antsietatea (% 52,6) bizi ditu.

Martxoaren aldean -orduan egin zen galdera hori-,  gora egin du egoera erantzukizunez eta konpromisoz bizi duela dioen gazteen ehunekoak, baina gora egin du, eta are nabarmenago, proposatutako sentimendu negatibo bakoitza sentitzen duen gazteen ehunekoak (amorrua, ardura, asperdura, tristezia eta antsietatea).

Inkesta honen bidez honako alderdi hauek ezagutzea da helburua: neurri horiek eta har litezkeen beste batzuk nola baloratzen dituzten, pandemiak beren proiektuetan eta ohituretan nolako eragina izan duen eta, azkenik, nola sentitzen diren eta zerk kezkatzen dituzten. Izan ere, Gazteen Euskal Behatokiak antzeko inkesta bat egin zuen lehen alarma-egoeraren ondoren, konfinamenduan zehar eta, zehazki, martxoaren 20aren eta 29aren bitartean.