Lan osasuna egungo testuinguruan

0

Laneko Arriskuen Prebentzioa maila guztietan integratu behar da

 

Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkarteak Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen babesarekin jardunaldi bat egin du ostegun honetan, abenduaren 3an, “Laneko osasuna egungo testuinguruan: kudeaketa eta perspektibak” izenburupean. Jardunaldia modu presentzialean jarraitu ahal izan da, edukiera murriztuan edota Streaming bidez, Covid-19 dela eta.

Hasiera iparraldeko eremuan APDko zuzendaria Mikel Madariagak eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Iscarrek eman diote. Lourdes Iscarrek azpimarratu du Laneko Arriskuen Prebentzioa maila guztietan integratzeak duen garrantzia (enpresa-arloa, gizarte-eragileak, prebentzio-zerbitzuak eta, jakina, administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritzako sail guztiak, autonomia-erkidegoak eta Ministerioa barne), bai eta laneko arriskuen prebentzioa enpresa-kudeaketan integratzeko beharra ere, enpresaburuek beren langileen osasuna babesteko duten erantzukizun horretan.

Ostean, Iñaki Olaizolak hartu du hitza, Osalaneko Bizkaiko Lan Osasuneko Unitateko arduradunak, eta enpresa-kudeaketan gauzatutako jardunbide egokien berri eman du,  COVID-19 krisialdiaren aurrean lan-osasunean hartutako neurriei dagokienez; eta nabarmendu ditu horretarako ezarri diren prozedurak eta zereginak, pandemia honetan eraginkorrak izatea erakutsi dutenak.

Bestalde, Miren Basaras UPV/EHUko Covid-19ko arduradun eta mikrobiologoaren ikuspegia izan dugu osasun-krisiaren kudeaketan eta ebazteko aukeretan. Basarasek adierazi du agintari politikoen mezu batzuen efusibitateak ez gaituela nahastu behar egungo datu kezkagarrien analisian eta pandemia honen errealitatean; izan ere, etorkizun hurbilean txertoak izan arren, arazo honekin batera biziko gara datozen hilabete-urteetan. Horrez gain, pandemia honek osasun publikoan eta ikerketan baliabide gehiago inbertitzera bultzatu behar gaituela adierazi du, ez baitugu ahaztu behar etorkizunean pandemia bihur daitekeen birus berriak agertuko direla.