Bingen Zupiriak Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Durangoko Azokaren 55. edizioaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du gaur. Zupiriak azpimarratu duenez, «Durangoko Azoka da hizkuntzaren inguruan sortu den komunitatearen arnasguneetako bat, komunitateak sortua eta komunitateak sostengatua. Eta gure sorkuntzak, literaturak, liburugintzak eta musikak Durangoko Azokan aurkitu ohi dute, urtez urte, bizirauteko behar duten komunitatearen maitasuna, atxikimendua eta konpromisoa». Gaineratu duenez, «Durangoko Azoka gure komunitatearen proiektu garrantzitsuenetako bat da eta aurten, inoiz baino gehiago, komunitatearen sostengua behar du».

Aurten Durangoko Azokan erakusmahairik egongo ez den arren, Landako Gunea ez da hutsik egongo. Azken egunetan etengabea izan da sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeen joan-etorria Landakon, bertan sortu baita online dendaren biltegia. Guztira, 2300 produktu ezberdin eskuratu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webguneko denda digitalean, gaurtik abenduaren 8ra arte.

Liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, papergintza… Aurreko urteetan erakusmahaietan topatu ahal izan ditugun produktuak egongo dira salgai webgunean. Biltegiaz gain, Landakon bertan ere kultur jarduerak eta ikuskizunak antolatuko dira abenduaren 4tik 8ra arte. Durangon 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko dira, bi espaziotan, Landako Gunean eta Plateruenan. «Zu non, han DA!» ekimenaren barruan Euskal Herriko zortzi herritan, abenduaren 5etik 8ra kontzertuak ere egongo dira. 32 musika-taldek parte hartuko dute. Gainera, abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra arte Azokako online dendan salgai egon diren produktuak liburu-dendatan eskuragarri egongo dira.