Marian Elorzak Montrealgo 2020ko Konferentzian parte hartu du

0

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Montrealgo Konferentziaren hogeita seigarren edizioan parte hartu du. Ameriketako Nazioarteko Ekonomia Foroak antolatzen duen Kongresu hau datozen egunotan egingo da, formatu birtualean.

Jan Jambon Flandiako ministroarekin eta Ted Lieu Kaliforniako Kongresistarekin batera, Montrealgo Konferentziaren programako mahai-inguru batean parte hartu du Marian Elorzak. Bertan, diplomazia ekonomikoak estatu federatuetan eta estatuz kanpoko gobernuetan jokatzen duen papera aztertu da. Nadine Girault Quebeceko Nazioarteko Harremanetarako eta Immigrazio ministroak ireki du saioa.
Bere hitzaldian, Marian Elorzak Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzako estrategiaren berri eman du, baita Euskadi Basque Country marka sortzeko eta garatzeko prozesuaren berri ere. Marian Elorzaren hitzetan, “Herrialde marka aktibo bat da nazioartekotze proiektuak martxan jarri nahi dituzten enpresentzat”.
Halaber, AEBetakoa bezalako foro ekonomiko garrantzitsu batean parte hartzeko hautatua izateak Euskadirentzat duen garrantzia azpimarratu du idazkari nagusiak. “Euskadiren adibidea beste Gobernu batzuen eredu izan daiteke. Gaurko parte-hartzea errekonozimendua da “, esan du.
Montrealgo Konferentzia
Montrealgo Konferentzia nazioarteko ekitaldi bat da, arlo politiko eta akademikoko liderrak, sektore publiko eta pribatuko pertsona erreferenteak eta gizarte zibilaren ingurukoak biltzen dituena, ekonomien globalizazioaren gai nagusiei buruz, Ameriken eta beste kontinenteen arteko harremanak bereziki azpimarratuz. Konferentziaren helburua informazio-trukea sustatzea eta munduko liderren arteko bilerak erraztea da, nazioarteko diskurtsoa bultzatzeko.
Montrealgo Konferentzia urtero Ameriketako Nazioarteko Ekonomia Foroak antolatzen du, eta orain lau ekitaldi antolatzen ditu: Montrealgo Konferentzia, Torontoko Foro Globala, Parisko Konferentzia eta Miami World Strategic Forum.