Euskadin guztira 38 pertsona hil dira trafiko-istripuetan, pandemiak mugikortasunean eragindako murrizketak nabarmendu diren urtean

0

Bilbo, 2020ko abenduak 31    

  • Istripuen tasak % 28 egin du behera aurreko urtearekin alderatuta, iaz 51 pertsona hil baitziren Euskadiko kale eta errepideetan
  • Hildako pertsonen % 45 kolektibo zaurgarrietakoak dira, 2019an baino % 14 gutxiago

 

  

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu dute 2020ko, osasun-krisiak mugikortasunean eragindako murrizketak nabarmendu diren urteko, trafikoaren behin-behineko balantzea. 2020a amaitzear dagoenean, guztira 38 pertsona hil dira, 2019an baino 13 gutxiago. Iazkoarekin alderatuta % 25,5 eko jaitsiera izan da, eta jaitsiera hori hiru lurralde historikoetan nabaritu da: 5 Araban (-5), 16 Bizkaian (-6) eta 17 Gipuzkoan (-2). Datuetatik ondorioztatzen da, beraz, hildakoen % 45, zehazki 17 pertsona, kolektibo zaurgarrietakoak direla.

  

Osasun-krisiaren egoera kudeatzeko ezarritako bi alarma-egoerek eta pandemiari aurre egiteko ezarritako prebentzio-neurri zehatzek baldintzatu egin dute Euskadiko kale eta errepideetako trafikoaren mugikortasuna 2020an.

 

Jaitsierarik nabarmenena apirilean izan zen, etxeratzea eta behar-beharrezkoak ez ziren salgaien zirkulazioa debekatu zuen “ekonomiaren hibernazio-dekretua” indarrean egon ziren garaian. Une horretan mugikortasunaren murrizketa ia erabatekoa izan zen, eta hiriburuetako sarrera-irteeretan, esate baterako, % 90ekoa izan zen.

 

Mugikortasunaren jaitsiera nabarmena izan zen udan ere, Espainia eta Maroko arteko lurreko muga itxi izanaren eta Itsasartea igarotzeko operazioa bertan behera utzi izanaren ondorioz, nabarmen gutxitu baitzuen Afrika iparralderantz doan eta Euskadi zeharkatzen duen nazioarteko trafikoa.

 

ISTRIPUEN TASA

Mugikortasunaren murrizketak eragin zuzena izan du Euskadiko errepide-sareko zirkulazioan, eta guztira 38 pertsona hil dira istripuetan (31 gizon eta 7 emakume), 2019an 51 izan ziren bitartean, 13 gutxiago.

  

Ehuneko 28koa izan den jaitsira hori hiru lurralde historikoetan nabaritu da: 5 pertsona hil dira Araban (2019an baino 5 gutxiago), 16 Bizkaian (6 gutxiago) eta 17 Gipuzkoan (2 gutxiago). Bestalde, 344 pertsona zauritu larri izan dira (2019an baino 105 gutxiago).

 

Guztira izan diren 38 hildako tipologiak kontuan hartuta: 29 gidariak dira (9 motor-gidariak, 18 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 2 bizikleta-gidariak), 3 bidaiariak eta 6 oinezkoak.

 

KOLEKTIBO ZAURGARRIAK

Guztira izan diren 38 hildako horietako % 45 kolektibo zaurgarrietakoak ziren: 9 motor-gidariak, 2 txirrindulariak eta 6 oinezkoak. 2019ko datuekin alderatuta, jaitsiera % 14 koa izan da, eta, zehazki, 2020an iaz baino 7 motor-gidari gutxiago hil dira.

 

Istripuen kopuruak ere behera egin du aurreko urtearekin alderatuta, hain zuzen ere, pandemiak mugikortasunean eragindako murrizketen ondorioz. Ertzaintzak erregistratutako behin-behineko datuen arabera, 2020an 6.094 istripu gertatu dira (2019an baino % 28 gutxiago).

 

SENTSIBILIZAZIO-PROGRAMAK EGOKITZEA

Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta 2018an abian jarri zen ‘Don´t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ prebentzio-programa ibiltaria 44 herritako 141 ikastetxetara iritsi da, Euskadiko hiru hiriburuak barne direla, eta guztietan parte-hartzaile ugari izan dira.

 

Pandemia dela-eta, programa teknologikoki egokitu da higienearen eta osasunaren arloko neurri guztiak beteko zirela bermatzeko eta sentsibilizazio-lana geletara eraman ahal izateko.

Guztira 100 ekitaldi programatu dira, eta horietan 22.694 ikaslek parte hartu dute, eta balantzea oso positiboa izan da. Ikasleen % 98k adierazi dute trafiko-istripuei aurrea hartzeko neurriak hartuko dituztela.

 

GOMENDIOAK

Egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, gomendio nagusia da joan-etorriak saihestea.

Bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, honako hauek egitea aholkatzen da:

  • Zirkulatzeko orduak kalkulatzea, indarrean dagoen araudiak ezarritako ordutegiak bete ahal izateko.
  • Erabiliko diren errepideen zirkulazio-egoerari buruzko informazioa begiratzea www.trafikoa.eus webgunean, @trafikoaEJGV Twiter kontuan, TrafikoaEJGV APPan eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakian.
  • Iragarpen meteorologikoa begiratzea www.euskalmet.euskadi.eus webgunean Euskalmet APPan edo @Euskalmet Twiter kontuan.
  • Abiadura errespetatzea eta gidatzeko modua errepidearen inguruabarretara egokitzea.
  • Alkoholik edo drogarik ez kontsumitzea, eta arreta ez galtzea.
  • Uneoro errespetatzea zirkulazio-arauak, baita trafiko-agenteen jarraibideak ere.