Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Donostian hil zen ertzaina dagoen tanatorioan izan da

0

Aurrera jarraitzen dute istripua argitzeko ikerketek

Donostia, 2020ko abenduak 31

Josu Erkorekak, Jaurlaritzaren izenean, aurrez aurre eman nahi izan dizkie doluminak atzo Gipuzkoako hiriburuan istripuz hil zen ertzainaren familiari, adiskideei eta lankideei.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Iñigo Echarri Álvarez ertzainaren gaitasun profesionalak eta pertsonalak nabarmendu ditu hil-beila dagoen tanatoriora gaur goizeko lehenengo orduan egin duen bisitan.

Bestalde, Josu Erkorekak adierazi du ikertzen jarraitzen dutela atzo goizaldean gertatu zen istripua argitzeko. Ikerketaz Donostiako Udaltzaingoa ari da arduratzen bere eskumen-esparruan, istripuetan aditua den Ertzaintzako unitatearen laguntzaz.

Ikerketen baitan auzitegiko behin betiko txostenaren zain daude, autopsia egin ondoren. Gainera, garrantzi handikoa izango da patruilako lankidearen, zaurituta ospitalean dagoen ertzainaren, deklarazioa. Josu Erkoreka Donostiako ospitalean ere izan da alta gaur emango dioten agentea ikusten eta harekin hitz egiten.

Bestalde, inguruko irudiak aztertzen ari dira, istripua izan aurretik autoak egin zuen bidea ikusi ahal izateko.