Bruselako EEak Belgikako euskaltzaleen edo bertara bisitan doazenen sostengua eskatzen du

0

Brusela, Belgika. Ez dira garai errazak, baina munduko euskal etxeak abiatuak dira irudimenez eta ahalegin bereziz aurrerabide bila. Bruselan BEE Bruselako Euskal Etxeak, urtero sasoi honetan bazkide berriak erakartzeko plazaratu ohi duen kanpaina plazaratu du aurten ere, oraingoan deialdi berezia eginez Bruselako eta Belgikako euskaldun eta euskaltzale guztiei –edota hiriburu europarra bisitatzeko asmoa dutenei– elkartera bildu eta bazkidetzeko, bizi dugun bolada konplikatu honek guztion lankidetza eskatzen baitu, bakoitzak hondar ale bana ipiniz proiektuak eta elkartea bera aitzinarazi eta segiarazteko.

Lagundu nahi duten guztien sostengua besoak zabalik hartuko dute. Azken urteotan ez dute kuota batere igo, eta bazkidetzen denari, esker bizia ematearekin batera, hainbat abantaila eskainiko dizkiote eta hiriburu europarreko euskal etxeari lagundu eta sostengua emateak eman dezakeen plazeraz gain, bazkide berriek ongi-etorri opari bat jasoko dute eta beherapenak elkarteak antolatzen dituen ekintzetan, besteak beste euskara klaseetan eta abesbatzaren kuotetan. Informazio gehiago, bruselakoeuskaletxea@gmail.com-era idatziz.