Inicio albisteak Industria Ministerioak aitorpen ofiziala eman die BEC-ko nazioarteko azokei

Industria Ministerioak aitorpen ofiziala eman die BEC-ko nazioarteko azokei

0

Tendencias Creativas, World Maritime Week, Subcontratación eta Industry Tools by Ferroforma azokek ‘Nazioartekotasun osoa’ lortu dute

Ekitaldien nazioartekotasuna Bilbao Exhibition Centre-k programatutako azoken bereizgarri eta ohiko ezaugarrietako bat da. Eta hala ziurtatzen du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak bere Estatu Idazkaritzaren bidez. Abenduaren amaieran, Ministerioak Nazioarteko Azoka Komertzialen 2021erako Egutegi Ofiziala argitaratu zuen BOEn. Argitalpen horren arabera, Bilbao Exhibition Centre-k hamar bat azoka ditu ziurtagiriarekin, nola Nazioartekotasun osokoa, hala Aduana-helburuetarako nazioartekotasunekoa.

Lehenengo multzoan, Ministerioak ezarritako irizpide batzuk betetzen dituzten azokak daude; besteak beste, gutxienez hiru edizio burutu izatea, erakusketarien % 10 edo bisitarien % 5 atzerrikoak izatea, eta bi estatistika horiek goranzko joera izatea. Halaber, ziurtagiria duten azokek sektorearen babesa izan behar dute, teknologia berriak erabiliz lan egin, eta Merkataritzako Lurralde Zuzendaritzaren eta ICEXen aldeko txostena izan. Horren haritik, Bilbao Exhibition Centre-k datorren urtean gauzatuko dituen lau azoka zerrenda horretan daude: Tendencias Creativas, World Maritime Week, Subcontratación eta Industry Tools by Ferroforma.

Baldintza horiez gain, Nazioartekotasun osoko ziurtagiria duten azokek zenbait aduana-erraztasun dituzte; horren harira, Europar Batasunetik kanpoko erakusketariek ez dute muga-zergarik ordaindu behar produktuak aldi batez erakusteagatik.

Onura hori bera aplikatzen zaie Aduana-helburuetarako nazioartekotasunaren multzoan sartzen diren azokei. Multzo horretako erakusketariei erraztasunak ematen zaizkie azokan beren eskaintza aurkezteko, eta Espainiako tasak ordaintzetik salbuetsita daude. Bigarren multzo horretan, BeDigital, Fitmaq, Maintenance eta Pumps&Valves daude, guztiak +Industry delakoan sartuak. Zazpi azoka industrialek osatzen dute +Industry, garai eta toki berean egiten direnak, eta Estatuko fabrikazio aurreratuaren topaketa garrantzitsuenetako bat bilakatu da. Haiekin batera, eta aurreko urteetan bezala, Bilbao Exhibition Centre-k publiko orokorrarentzako azoka bat ere badu atal honetan: Expovacaciones.