Donostiako Udalak 1.8 milioi euro bideratuko ditu irabazi asmorik gabeko erakundeentara

0

Donostiako Udalak 1.809.606 euro erabiliko ditu 2021ean irabazi asmorik gabeko entitate pribatuentzako diru-laguntzetarako. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartu ditu dirulaguntza hauek arautuko dituzten oinarri orokorrak eta udal departamentuei dagozkien oinarri espezifikoak.

Udalak, gizartearen kohesiorako eta herritarren partaidetzarako duten garrantziaz jabeturik, hiriko elkarteak eta haien jarduerak bultzatzen ditu eta, hala, bere udal atal eta Donostia Kultura tokiko enpresa erakunde publikoen aurrekontuen bidez, diru laguntzak jasotzeko aukera eskaintzen die hiriko talde, fundazio eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei, hainbat arlotan egiten dituzten ekintzak gauzatzen laguntzeko asmoz. Izan ere, talde horien ekimenek donostiarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute eta, batzuetan, herri erakundeek proposaturiko ekimenen osagarri izaten dira.

Diru-laguntza horiek deialdi bakarra dute baliabideak hobeto koordinatzeko eta eraginkortasunez kudeatzeko, eta hainbat udal-arlotan banatzen dira: Gizarte Ekintza (246.400 €), Herritarren Partaidetza (70.374 €), Berdintasuna (82.000 €), Gazteria (68.000 €), Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntza (1.105.354 €), Giza Eskubideak eta Oroimen Historikoa (40.240 €), Osasuna eta Ingurumena (21.560 €), Euskara (54.260 €) eta Kultur aniztasuna (54.150 €), Baita Donostia Kultura tokiko enpresa erakunde oublikoarenak ere (67.268 €).

Diru laguntza horien bidez, Gobernu Programaren konpromisoei heldu eta herritar demokratikoen balioak bultzatzen dituzten proiektuak sustatu nahi dira. Izan ere, hiriek leku egokia eskaini behar diete pertsonei aurrera egiteko, ingurunea aintzat hartu eta errespetatzeko, beren jakinduria eta kultura handitzeko eta errespetuan eta tolerantzian oinarritutako mundu baketsu baten konpromisoa hartzeko.