Gotzone Sagarduik nabarmendu du Osakidetzako langileen laurdenak baino gehiagok jaso dutela txertoa

0
Fuente: Irekia.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera.

Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Euskadin 45.883 pertsonak jaso dute lehen dosia eta 14.657 pertsonak bigarrena. Osakidetzako langileei dagokienez, 11.616k lehen dosia jaso dute eta horietatik 169k bigarrena. Horrek esan nahi du Osakidetzako profesionalen % 27,67k txertoa jaso dutela. «Beste era batera esanda osakidetzako lagileen LAURDENAK BAINO GEHIAGOK jaso dute txertoa», gaineratu du. Hala, aste honetan txertaketa-egutegia betetzen jarraitzen dutela esan du sailburuak, eremu soziosanitarioan bigarren dosia bermatuz, eta Osakidetzako lehen mailako osasun-langileei lehen dosia ematen jarraituko dutela gaineratu du.

Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu ezagutzera; eta azaldu du goranzko fasean gaudela oraindik, baina kutsatze kopuruak moteltzeko joera erakusten duela. Eboluzioaren iragarpenak egiteko ziurgabetasun handiko une honetan, zuhurtzia eskatu du sailburuak. Gainera, Erresuma Batuko aldaerak eragindako kutsatze kopuruak gora egiteak intzidentzian gorakada nabarmenak eragin ditzakeela gogorarazi du. Hori horrela, babes neurriak betetzeko beharra azpimarratu du sailburuak.

Gainera, Sagarduik azaldu duenez, koronabirusak asistentzia-arloan izan duen inpaktuan ikusten da plantan eta ZIUetan ospitaleratutako pertsonen kopuruak nabarmen egin duela gora. «Kutsatze bakoitzak bere eragina izango du asistentziaren arloan. Osakidetzako gure zentroetan otsail gogorra dugu «, adierazi du.

Hezeguneen Mundu Eguna dela eta, Ramsar hitzarmenaren sinaduraren omenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azpimarratu nahi izan du natura-gune horiek ingurumenaren zaintzan eta kontserbazioan duten garrantzia. Sailburuak esan duenez, “hezeguneak babestea erabakigarria da Euskadiko hezeguneetan biodibertsitatea leheneratzeko eta berreskuratzeko».

Tapia sailburuak nabarmendu du, 2030erako, garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz, beste bultzada bat emango dela, ingurumen-estrategia zeharkako politika izateko, eta ingurumenaren defentsa espezie guztientzako eta gizakientzako oparotasun- eta ongizate-eragile gisa aurreikusteko. Hala, Eusko Jaurlaritzak kontserbazio naturalaren aldeko apustua egingo duela iragarri du, krisialditik suspertzeko erresilientziaren elementu gisa. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak proposatu du Txingudiko eta Urdaibaiko hezeguneak Next Generation proiektuak izatea.

Era berean, gaur goizeko Gobernu Kontseiluak onartu egin du BIKAINTEK programaren barruan I+G proiektuak garatzeko laguntzak arautzen dituen agindua; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuko dira eta industria-doktoregoak egingo dira. Bikaintek programaren helburua Euskadiko enpresa-egituran ikertzaileak sartzen laguntzea da enpresa-lehiakortasuna areagotzen laguntzeko. Tapia sailburuak azaldu duenez, urtengo deialdiaren bidez, enpresa-egituran 70 ikertzaile sartzea espero da, doktoreen 45 kontratu berriren bidez, eta industria-tesiak egiten diharduten 25-30 doktoregairen prestakuntzaren bidez.

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak erabiltzen dituen helikopteroen egungo erabilera- eta eraginkortasun-maila ebaluatzen duen kanpoko txosten baten gomendioa jarraituz, Gobernu Kontseiluak ontzat eman Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate unitatearen erabilpenerako turbina bikotzeko helikoptero berri bat errentan hartzeko prozedura martxan jartzea, 14,4 milioi euroko balioarekin, eta hurrengo sei urteetan finantzatuko dena. Bingen Zupiria bozeramaileak azpimarratu duenez, alokairu honekin, flota modernizatzeaz gain, eraginkortasuna hobetuko da erreskateetan eta trafikoa zaintzeko beste ekintza batzuetan, uholdeetan, lur-jausietan eta beste fenomeno natural batzuetan izandako kalteen ebaluazioan eta beste polizia-lan batzuetan.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena