Kultur-sormena bultzatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki da

0

Gaurtik aurrera eta hilabetez 2021eko kultura-arloko sorkuntza lanetarako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Laguntza neurri hauekin sorkuntza sektorea finkatzen lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak. Guztira 354.000 euro izango dira sei modalitate desberdin laguntzeko:

  1. Antzerkirako testuak: Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako antzerkirako testu originalak sortzeko guztira 52.000 euro bideratuko dira.
  2. Zinemarako gidoiak: euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako fikzio zein animaziozko gidoiak sustatzeko 104.000 euro erabiliko dira.
  3. Musika konposizioak: partitura baten edo pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio planean irudikatutako musika-konposizio originalak sortzeko helburua du 64.000 euroko partidak.
  4. Gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak: 40.000 euro erabiliko dira 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatura testuak sustatzeko.
  5. Euskarazko ipuin eta nobela motzak: gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuen (ipuinen zein nobela motzen) sormena sustatzeko 40.000 euro.
  6. Koreografiak: dantza profesionalaren arloko sorkuntza-proiektuei laguntzera 64.000 euro bideratuko dira.

Ondoren modalitate bakoitzeko sortuko den balorazio-batzorde banak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak.

Aurreko deialdian, 2020koan, guztira 47 laguntza eman ziren: 8 antzerki-testuak sortzeko; beste 8 gidoiak idazteko; 15 musika-lanak idazteko; 5 laguntza eman ziren gazteei zuzenduriko euskarazko literatura-testuak idazteko; beste 5 euskarazko ipuinak eta eleberri laburrak idazteko; eta, azkenik, 6 laguntza koreografiak sortzeko.