Indarkeria matxistaren kasuetarako tokiko koordinazio-protokoloa dute Euskadiko 45 udalerrik eta mankomunitatek

0

Euskal Autonomia Erkidegoko 45 udalek/mankomunitatek dute indarkeria matxistaren kasuetarako Tokiko Koordinazio Protokoloa, Berdintasun Sailak Legebiltzarreko erantzun batean zehaztu duenez; datu hori emateko Berdinsareak (Berdintasunaren Aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalen Sarea) eginiko udal-egoerari buruzko azken diagnostikoan oinarritu da

Itxaso Etxebarria EH Bilduko legebiltzarkideak eginiko galderari erantzuteko, Artolazabalek azaldu du EUDELek eta Emakundek gida bat prestatu zutela, emakume biktimentzako arreta hobetzeko tokiko protokoloak eta neurriak hartzeko urratsekin. Urratsen gida hori honako helburu honekin sortu zen: tokiko gobernuei indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko erantzun sendoagoa izan dezaten laguntzea. Nolanahi ere, gida orientazio eta gomendioen dokumentua da.

Tokiko 39 protokolo eta mankomunitate edo kuadrillako sei protokolo dira. Honako udalerri hauek daude sarean: Bedia, Orduña, Deba, Muskiz, Abanto y Zierbana, Amurrio, Amorebieta-Etxano, Erandio, Leioa, Hernani, Arrasate, Zarautz, Usurbil, Balmaseda, Ondarroa, Oñati, Arrigorriaga, Azpeitia, Andoain, Bergara, Laudio, Tolosa, Santurtzi, Getxo, Vitoria-Gasteiz, Bilbao, Donostia-San Sebastián, Ordizia, Gernika, Basauri eta Sestao. Udal horiez gainera, beste 22 daude, honako mankomunitate edo kuadrilla hauetan sartuta daudenak: Uribe Kosta, Alto Urola, Durangaldea, Aiara, Enkarterri eta Gorbeialdea.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak badaki beste tokiko edo kuadrilla batzuetako protokolo batzuk ere badaudela Berdinsarea saretik kanpora. Hala da Arabako Lautadako, Añanako, Arabako Errioxako eta Arabako Mendietako kuadrilletan eta Gipuzkoako Errenteria, Zumaia eta Oiartzun (azken horren protokoloa prestatzen ari dira) udalerrietan.