Artzain Eskolak diploma eman die beren etorkizun profesionala ahuntz eta ardi sektorean garatzea erabaki duten 13 artzaini

0

Artzain Eskolak artzainak prestatzeko hogeita laugarren kurtsoaren amaiera ekitaldia egin du, aurten ikasketak amaitu dituzten 13 ikasleei diplomak eta makilak emanez, ikasturte amaieran egin ohi duten moduan.

Pandemia dela-eta lekuetako edukierak murriztu direnez, aurten diplomadun berriez gain ordezkari instituzionalak baino ez dira egon ekitaldian, eta horien artean Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz, Oñatiko alkate Izaro Elorza, Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Arruti, Gipuzkoako Mendietako eta Natura inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño, HAZIko zuzendari Peli Manterola eta Artzain Eskolako zuzendari Batis Otaegi.

Arantzazuko eskolak Euskadin artzaintza bizirik mantentzeko eta ardi latxaren arrazari eusteko dihardu lanean. Horretarako, urtero prestakuntza eskaintzen die beren etorkizun profesionala ardi eta ahuntzen sektorean garatzea erabakitzen duten pertsonei. Prestakuntza, funtsean, modulu teoriko batzuk eta zati praktiko bat dira, eta baserrietan edo ustiategietan ematen da.

Amaiera ekitaldian, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek azpimarratu du etorkizuna ardi eta ahuntzen sektoreari prestigioa ematea dela, milaka urteko jarduera horretara gure gazteak erakartzeko. “Etorkizuna duen eta lehiakorra den sektore bat eskaini behar dugu, funtsezkoa baita belaunaldien arteko erreleboa posible izan dadin, artzaintza, bokaziozko lanaz gain, aitortutako jarduera ekonomikoa ere izan dadin, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituena, eta Euskadiko lehen sektorea eta landa ingurunea indartzen duenak”- gehitu du.

24 urteko ibilbidearen ondoren, eskolak 297 artzain prestatu ditu guztira, eta erdiek baino gehiagok artalde propioa dute gaur egun.

Ikasleen profila

Aurtengo 13 diplomadunen artean 10 gizon eta 3 emakume daude. Artzain Eskolak duen erronketako bat da emakumeak ardien sektoreko prestakuntzara erakartzea, zaila baita. Eskolaren ibilbide osoan, emakumeen presentzia, gizonezkoenaren aldean, ez da guztizkoaren laurdenera iristen.

Zentzu horretan, Oroz sailburuordeak azpimarratu duenez, «emakumearen presentzia sektorean erreztu eta sustatu behar dugu. Honetarako lehen urratsa sektoreko emakumeak bisibilizatu behar ditugu, artzai moduan edo eta gaztagile moduan. Gaur diplomatu diren hiru emakumeei eta Euskadiko sektoreko eta artzaintzako emakume guztiei aitortza egin nahi diet”.

Adinari dagokionez, gaur Arantzazun diplomatu diren ikasle gehienak 41 urtetik beherako gazteak dira; datu horrek berriro bermatzen du sektoreko belaunaldi erreleboa. Eskolatik igaro diren ikasle guztietatik %21 20 urtetik beherakoak ziren, %51 21 eta 30 urte bitarteko gazteak, %23 31 eta 41 urte artekoak eta %5 baino ez 41 urtetik gorakoak.

Ikasleen jatorriari dagokionez, 5 Bizkaitik datoz, 4 Gipuzkoatik eta beste 4 pertsona beste autonomia erkidego batzuetatik hurbildu dira Arantzazuko eskolara.

Artzaintzari buruzko hausnarketarako gunea

Artzain Eskola artzaintzari eta lehen sektoreari buruzko hausnarketarako gunea da, eta prestakuntza enpirikoan oinarritutako hezkuntza eredua eskaintzen du, baserrian praktika etengabea eginda, prozesu osoaren ezagutza integrala eskainita (animaliatik hasi eta esnekien salmentaraino), eta bizipen profesionala, eraginkortasuna eta lankidetza transmitituta.

Prestakuntza zentro gisa dituen ezaugarrien artean, nabarmenak dira kalitatea, berrikuntza pedagogikoa eta produkzio prozesuetan aplikatutako edukien eta teknologien baliozkotasuna, bai eta ikastetxean bertan eskaintzen den dualtasuna, ekoizpen guneak eta prestakuntza bateratuz, eta ikasleei ikasturtean ematen zaien orientabide indibidualizatua eta sektoreari egiten zaion tutoretza tekniko etengabea ere. Artzain Eskolaren prestakuntzaren bidez, ardi eta ahuntz sektorea suspertu nahi da, eta baserri munduari agerikotasun handiagoa eman.