Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute

0

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko udalak  “Arnasa Gara” ekimenaren kanpaina berri bat aurkeztu dute gaur. “Arnasa Gara” ekimenak euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein bertako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egiteko helburua du. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena, hau da, arnasgune diren herrietan euskararen presentzia nagusia da eta herritarrek euskaraz egiten dute haien eguneroko bizimoduan. Horregatik dira arnasgune, euskarak aske hartu dezakeelako arnasa espazio horietan, bizi-bizi. Horrek ez du esan nahi, ordea, arnasguneetako herritarren hizkuntza-ohituren inguruko kezkarik ez dagoenik. Hain zuzen ere, ekimenaren helburua da arnasguneetako herritarren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea.

Arnasgune den Etxarri Aranatzeko udaletxean egin da gaurko aurkezpena. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Pololitika sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkano eta Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon.

Ekimen honekin arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia ere nabarmendu nahi da. Horretarako, udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza-ohiturei lotutako zortzi egoera landu dituzte zortzi bideo esketxetan. Gai bakoitzeko, bideo bat. Hala, bideo bakoitzak egoera bat irudikatzen du eta kanpainaren asmoa da egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea sare-sozialen bidez. Besteak beste, arnasguneetako pertsona erreferenteei  (aktore, musikari, kirolari) elkarrizketak egingo zaizkie, gaiaren inguruan hausnartzeko. Kanpainak zortzi aste iraungo ditu, martxoaren 22tik maiatzaren 16ra bitarte, eta aste bakoitzean gai bat izango dute hizpide.

Arnasa Gara kanpaina

Kanpainaren euskarri nagusia zortzi bideo labur dira (minutu batekoa bakoitza), eta esketx erara bertan lantzen diren diskurtsoak, batez ere, arnasgune edo eremu oso euskaldunetako herritarrei zuzenduta daude. Dena den,  “Arnasa Gara” ekimenak arnasguneetatik kanpo bizi direnengana iristeko asmoa ere badauka, arnasguneen errealitatearen ezagutza eta herri hauek euskararen biziraupenean duten garrantzia azpimarratzeko  eta errekonozimenduan jartzeko.

Kanpaina dinamikoa izango da, batez ere sare sozialen bidez garatuko delako, eta  herritarren interakzioa sustatzea izango duelako xede. Bide horretan, astero-astero zozketak egingo dira kanpainan zehar sare sozialetan aurkeztuko diren edukiak gertutik jarraituko dituztenen artean.

Kanpaina amaitu ondoren izango du jarraipena “Arnasa Gara”-k, izan ere, UEMAko kide diren herrietan zortzi bideoak aurkeztu eta hausnarketa saioak ere egingo dituzte tailer formatuan. Era berean, UEMAko kide diren herrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.

Lankidetza

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez gaur aurkeztutako ekimena “arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da. Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoen modura, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren egitekoetako bat da, ‘Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea’. Eta helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau”. Gainera, Zupiriak hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza ere azpimarratu du.

Nafarroako Gobernutik Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak bestalde azpimarratu du “Nafarroako Gobernuak arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea eta euskal komunitatea indartzea du xede. Neurri batean, denok baitugu gure hizkuntza jokaera aztertzeko eta dugun jokabideaz kontziente izateko beharra”.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, berriz, “arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait” dela nabarmendu du eta, beraz, ‘Arnasa gara’ kanpaina bereziki garrantzitsua dela UEMArentzat. “UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu duena gaur egun hainbat erakunde publikok ere onartzen eta zabaltzen dutela ikustea ederra da”.

Aurrekariak 

Euskararen arnasguneak gure hizkuntzaren biziberritzean zein garrantzitsuak diren nabarmentzeko ‘Arnasa gara’ kanpaina abiarazi zuten duela bi urte Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Euskarabideak, Euskararen Erakunde Publikoak eta UEMAk. Hainbat herritan egindako aurkezpen-ekitaldiez gain, ‘Kartzela’ websaila izan zen euskarri nagusia. Bi helburu eta fase izan zituen orduan kanpainak. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia hartzea. Bestetik, gainerako euskal herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakitea.

Aurten ere ikus-entzunezko edukiak landu dituzte, sare sozialen bidez zabaltzeko. Hiru Damatxok ekoitzi ditu zortzi bideoak, eta Iametza arduratu da komunikazio kanpainaz. Orain arteko edukiak www.arnasagara.eus webgunean daude eskura.