Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dituzte kontrolak San Jose zubian

0

Ertzaintzak eta beste autonomia-erkidego batzuekin muga egiten duten herrietako udaltzaingoek jarraitu egingo dute Euskadiko errepideak zaintzen eta kontrolatzen, pandemiaren hedapena geldiarazteko indarrean dagoen alarma-egoerari erantzunez, EAEko lurraldeko pertsonen sarrera-irteeretako ezarritako murrizketak betearazteko.

Trafikoko kontrolak San Jose zubi osoan, gaur, osteguna, hasita datorren igandera bitartean, areagotuko dira, egun horietan Euskadi barruan ibilbide laburreko joan-etorri asko aurreikusten baitira. Halako joan-etorriak baimenduta daude martxoaren 9an prebentzio-neurriak azken aldiz eguneratu zirenetik.

Hala ere, oraindik indarrean dago bigarren etxebizitzetara joateko edo aisialdi-jarduerak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik irtetea edo lurraldera sartzea mugatzen duen araua. Pandemiari eusteko Euskadiko araudian aurreikusitako arrazoiengatik behar bezala justifikatutako mugikortasuna bakarrik egongo da baimenduta, hau da, honako kasu hauetakoren bati erantzuten badio: osasun-zerbitzuetara joatea, laneko edo eskolako betebeharrak betetzea, ohiko edo familiaren bizilekura itzultzea, adinekoei, adingabeei edo mendekotasun bat dutenei laguntza eta zaintza ematea, ezinbesteko arrazoiak, atzeraezinak diren izapideak egitea, etab.