Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak eraikitzen hasi dira

0
Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak esleitu ditu Azpeitiko Udalak eta dagoeneko abian dira obrak. 67 etxebizitza babestu eraikiko dira datozen 18 hilabeteetan bertan.
Azpeitiko Udalak esleitu du Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak eraikitzeko obren lehiaketa publikoa. Altuna y Uria enpresak eraikiko ditu eta 18 hilabetean etxebizitzak eraikita izango dira. Obra horien aurrekontua 5.961.047€koa izango da.

Azpeitiko Udalak ekainaren 18an egin zuen 67 etxebizitza horien zozketa, Soreasu antzokian. Egun horretan 39 babes ofizialeko etxebizitza eta erregimen bereziko 28 etxebizitza tasaturen esleipena egin zen. Etxe guztien salerosketa kontratuak sinatu eta lehiaketa publikoa egin ostean, aste honetan hasi dira etxebizitzak eraikitzen. Aurreikuspenen arabera, 2022. urtearen bukaerarako amaituta izango dira.

“Bigarren faseko etxebizitza horien exekuzioa abian jarrita, pauso garrantzitsua eman dugu. Etxebizitza publikoen eskaintzat pauso garrantzitsuak ematen ari da Udala, eta horren baitan, garrantzia berezia du Esklabak Iturzulo eremuak”, adierazi du Josu Labaka hirigintza zinegotziak. Bide horretan, lehen faseko etxebizitzak aurreikusitako epeen barruan eraikitzen ari direla ere azpimarratu nahi izan du.

Alokairu sozialekoak ere, bidean

Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa publikoa ere abian da urritik, eta epe motzean esleitzea espero du udalak. Obren lizitazioa Eusko Jaurlaritza ari da egiten eta 6.472.859,76 euroko hasierako aurrekontua du. Guztira, 14 proposamen aurkeztu dira eta esleipen prozesua aurrera doa. Lizitatzaileak 48 apartamentu eraiki beharko ditu, gehienez ere 30 hilabeteko epean.