Donostiako Tejeria eta San Cristobal kaleak oinezkoentzat izango dira apirilaren 12tik 25era

0

Donostiako Udalak, Egia auzoko hainbat eragilerekin batera, apirilaren 12tik 25era Tejeria eta San Kristobal kaleetan oinezkoen lehentasuna sustatu du.

“Egia Pausoz Pauso” ekimenaren helburua da Egia auzoko oinezkoentzako lekua berreskuratzen laguntzea. Horretarako, egiatarrentzat kalitatezko oinezkoentzako gune baten erabilera gauzatzea eta horri buruz hausnartzea proposatzen da.

Maria Jesús Idoeta Auzoetako zinegotziak adierazi duenez, “proposamen honen ardatz nagusia Egia auzoan oinezkoentzako guneen beharra da, aspalditik auzoak egiten duen eskaera, eta bat dator Udalak oinezkoari eta bizikletari garrantzia ematen dion hiri bat bultzatzeko egiten duen apustuarekin”.

Egiakoa irisgarritasun konplexua duen auzoa da, malda asko eta oinezkoentzako gune murriztuak dituena. Hori dela eta, Egia Bizirik auzo-elkarteak oinezkoentzako espazioak berreskuratzeko ekimen bat jarri zuen abian, auzoko hainbat elkarterekin eta hainbat eragilerekin landu dena, proiektu honi forma eman arte.