Hondarribiko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria idazteko herritarren partehartzeko prozesua abian jarri du

0

Udalak abian jarri du HAPO berriaren herritarren partehartze pozesua, ‘Hondarribia Martxan!” deitu duena. Ekimenaren berri emateko, eta informazio osoa eskaintzeko asmotan prentsaurrekoa eman dute gaur Udaletxean Txomin Sagarzazu Alkateak eta Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak.

“Gaur aurkezten duguna, datorren asteartetik hasita herritarren partehartzea sustatu nahi duen prozesua da. Hiritarrak HAPOaren inguruko informazio guztia gardentasunez eduki dezaten lan handia egiten ari gara, eta horren berri zehatz-mehatz emango dugu astearteko saioan. Jakina da 2017an onartu genuen plana baliorik gabe geratu dela, eta prozesu berria hasi behar izan da” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Herritarren parte hartzeko programaren helburua ahalik eta pertsona gehienek parte hartzea da, eta, horretarako, zenbait kanal eta ekintza prestatu ditugu, presentzialak zein telematikoak. HAPO, udal-mailan, hirigintza-dokumenturik garrantzitsuena da, eta udalerrian lurzoru-mota bakoitzean ezar daitezkeen jarduerak arautzen ditu. 2020ko uztailaren 23ko plenoan onartu genuen HAPO berriaren tramitazio berriarekin hastea, baita partehartze programa bat onartu ere”.

Gardentasunez

“HAPOa hainbat fasetan banatzen da, eta gaur egungo fasea, Aurrerakina, garrantzitsuenetako bat da, herritarren parte-hartzearen ikuspegitik. Aurrerakina aurkeztu ondoren, beste fase bat emango da, herritarren partaidetza handia izango duena, Aurrerakinaren Informazio publikoa izenekoa. Udaletik gardentasunez eta zintzotasunez jokatzen ari gara, informazio guztia hiritarrari helarazi nahi diogu, hain garrantzitsua den dokumentu honetan parte har dezaten. Urrats asko geratzen dira emateko oraindik, administrazio gehiagoren aldeko txostenak behar dituztenak, eta horren berri emango dugu zehazki asteartean” gehitu du Sagarzazuk.

Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak xehetasun gehiago eman ditu. “Herritarrei gonbitea luzatu nahi diegu hitzaldian parte hartzera, baita proposatutako ekintzetan parte hartzera ere. Abian dauden osasun neurriak direla eta, gehienez 29 pertsonek egon ahal izango dute Kultur Etxean. Esana denez, Udalak www.hondarribia.eus/hapo izeneko atal bat prestatu du bere webgunean eta bertan, herritarrek dituzten zalantzak argitu ahalko dituzte, harremanetan harri eta horretarako prestatutako newsletter eta Telegram kanalean harpidetu, beti ere esandako gunean”.

“Astearteko saioa Udaleko youtube kanalean zuzenean emitituko dugu gainera, bertaratu ezin duenak, edota nahitaezko aforoagatik kanpoan geratu behar duenak etxetik jarrai dezan. Gerora, bilera gehiago egingo dira, bisita gidatuak, tailerrak… Gure asmoa gardentasunez dena aurkeztea eta herritarrek parte har dezatela da. Beharrezkoak diren bilerak egingo dira” amaitu du Serranok.

Informazio osoa www.hondarribia.eus/hapo