Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Miren Gorrotxategi pandemiaren aurkako Legeaz hitz egiteko bildu dira

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos – IU koalizioko bozeramaile Eusko Legebiltzarrean bildu dira gaur, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurrien gaineko lege-proposamena aztertzeko helburuaz. Bilerak ordubete iraun du eta giro adeitasuan egin da.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eskerrak eman dizkio Elkarrekin Podemos-IU koaliziari erakutsitako jarrera eraikitzaileagatik, eta adierazi dio erabateko borondatea duela akordio bat lortzeko eta lege hori ahalik eta babes handienarekin onartzeko. Lehendakariak uste du topaketa honek, funtsean eta forman, bizi dugun pandemia-garaiak eskatzen duen espiritua islatzen duela.

Bere aldetik, Miren Gorrotxategik «osasun-larrialdiaren eta esparru arautzaile baten beharraren» aurrean testua negoziatzeko prest dagoela adierazi dio Lehendakariari. «Beti arduraz jokatu dugu eta oraingoan ere hala egingo dugu», esan du. Gainera, «elkarrizketa arina eta negoziazio zintzoa» eskatu dio Lehendakariari, lege-proposamenaren edukiaren zati batzuei buruzko zalantzak argitu ahal izateko, bereziki, zehapen-esparrua arautzen dutenei buruzkoak.

Legebiltzarreko bozeramaileak Lehendakariari dokumentu bat aurkezteko konpromisoa hartu du, bere taldeak legean txertatu nahi dituen proposamen zehatzez. Dokumentu hori lehenbailehen helaraziko die Jaurlaritzari eta proposamena egin duten bi taldeei.

Lankidetza- eta elkarrizketa-bide horri eusteko konpromisoaz eta akordiorako borondateaz amaitu da bilera.