Bizkaiko Foru Aldundiak `Aurrera Fest´ ekimenaren II.edizioa abiaraziko du

0

Bigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak kultur sektorea babestearen aldeko apustua egin du, uztailean zehar Euskaldunan egingo den «Aurrera Fest» ekimenaren bidez.

«Aurrera Fest» ekimena gaur goizean aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak, eta jakinarazi dutenez, arte eszenikoetako eta musikako taldeei laguntzeko eta ikus-entzuleak bigarren urtez kultura segurtasunez kontsumitzera animatzeko helburuarekin, Euskaldunak oso baldintza onuragarrietan eskainiko dizkie espazioak artistei eta konpainiei.

Lorea Bilbaok azaldu duenez, «Aurrera Fest 2020an sortu zen, gure baliabide guztiak kultur sektorearen eskura jartzeko, eta jendearen aldetik harrera ona izan zuela ikusi ondoren -4.800 pertsona baino gehiago bertaratu ziren-, 2021ean berriro jarriko dugu martxan. Aurreko edizioan bezala, 2021 honetan ere artearen arloko diziplina guztiek izango dute lekua ekimen honetan».

Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak adierazi duenez, «Iazko emaitzak gure esperientzia eta azpiegitura guztia berriro ere kultur sektorearen esku jartzera animatzen gaitu. Gure indarrak batu gura ditugu sektore horri guztiari bultzada emateko eta sektore horri laguntzeko, hori bai, betiere osasun-arauak betez. Kulturaren sektoreari eusten eta aurrera egiten laguntzeko tresnak eskaini gura ditugu, Bizkaiko bizitzan ezinbestekoa dela uste dugulako».