Arabak eta Bizkaiak Ubideko bidegurutzea handituko dute 2022an

0

Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek N-240 errepideko Ubideko bidegurutzea handituko dute 2022an, seguruagoa izan dadin egunero bertatik pasatzen diren milaka pertsonentzat. Bi erakundeek proiektua idazteko lanak eta obrak finantzatzeko hitzarmena izenpetu berri dute.

Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatu Blanca de la Peña eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Saileko diputatu Imanol Pradales bidegurutzean izan dira gaur goizean, teknikariek lagunduta, gune hori gaur egun nola dagoen ikusteko eta proiektatutako esku hartzearen ildo nagusien berri izateko.

De la Peñak eta Pradalesek izenpetutako hitzarmenaren garrantzia nabarmendu dute; izan ere, erakundeek, haien arteko koordinazioari eta elkarlanari esker, herritarren bizi kalitatea hobetuko dute eta zerbitzu publikoa eraginkortasunez eta efizientziaz emango dute. Horrez gain, foru agintariek iragarri dute Ubideko bidegurutzea hobetzeko obrak 2022an hasiko direla, behin proiektua idazteko lanak amaitutakoan.

Arabako Foru Aldundiko diputatuak nabarmendu du bide segurtasuna sailaren lehentasunetako bat dela: “9 milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu Legution N-240 errepidea hobetzeko. Bihurgune arriskutsuak eta sestra aldaketak kendu ditugu eta Elosurako sarbidea egin dugu. Bide horretan egin beharreko hurrengo esku hartzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera gauzatuko dugu, eta probintzien arteko mugan dagoen Ubideko bidegurutzea zabaltzea eta hobetzea izango da, seguruagoa izan dadin”.

Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Saileko diputatuak nabarmendu du N-240 errepidea funtsezkoa dela bizkaitarrentzat, lurraldea lautadarekin lotzen baitu eta ibilgailu astun eta berezi ugari pasatzen baitira bertatik. “Segurtasuna eta zirkulazioaren arintasuna hobetzea, beraz, lehentasuna da. 2020. urtearen amaieran, Zeanuri eta Lemoa arteko tartea hobetzeko obrak amaitu genituen eta, udazkenean, obrak hasiko dira Zeanuri eta Bedia artean, kamioientzako hamaika bazterbide egiteko. Proiektu hori Bilboko Portuko Agintaritzarekin elkarlanean gauzatuko dugu; izan ere, errepide horretatik igarotzen diren kamioi asko Bilboko portutik abiatzen dira edo Bilboko portura doaz. Eta gaur beste hitzarmen bat izenpetu dugu Arabako Foru Aldundiarekin, Ubideko bidegurutzeko bide segurtasuna hobetzeko”, azaldu du Imanol Pradalesek.

Bi erakundeek izenpetutako hitzarmen horretan jaso da Arabak eta Bizkaiak eraikuntza proiektuaren idazketa lanak lizitatu eta erdibana ordainduko dituztela; proiektu horretan jasoko dira, hain zuzen ere, irtenbide teknikorik egokienak. Horrez gain, hitzarmenean jasotako aurrekontuaren arabera, Arabako Foru Aldundiak Arabako tarteko obren kostua ordainduko du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, Bizkaiko tarteko obrena.

Alde bakoitzak bere lurraldean proiektuaren eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak desjabetuko ditu.