“Q” Sukarraren agerraldia

0

Osasun Sailak Q Sukarraren 29 kasu susmagarri identifikatu ditu, eta hamar ospitaleratu behar izan dituzte. Horiek guztiek Bizkaiko Dima udalerriko Baltzolako kobazuloak bisitatu zituzten gaixotasunaren inkubazio-aldian (14-39 egun). Une honetan itxita dago kobetako sarbidea.

Lehen kasu susmagarrien sintomak apirilaren erdialdean hasi ziren, eta, ordutik, Osasun Saila harremanetan egon da gainerako erakunde eskudunekin, kasuak detektatu bezain laster hartutako segurtasun- eta prebentzio-neurriei eusteko, bai eta gertakari horren bilakaeraren jarraipena eta zaintza egiteko ere.

Denbora horretan, eta agintari horiekin lankidetzan, egin beharreko ekintzak abiarazi dira, hala nola:  haitzuloen garbiketa eta animaliei pasoa debekatzea. Une honetan, Osasun Sailak zabalik du agerraldiaren azterketa epidemiologikoa.

 

Zer da Q sukarra?

 

Q sukarra Coxiella burnetii bakterioak eragindako infekzioa da, eta gizakiei animalien bidez transmititzen zaie; oro har, ardiak, ahuntzak eta behi-azienda.

Infekzio akutuak ezaugarri hauek ditu gizakiengan: sukarra, buruko eta muskuluetako mina, biriketako infekzioa eta gibelaren erasana.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera horren bilakaeraren berri emango dute, neurri berriak hartu behar izanez gero.