Osakidetzako osasun-zentroek herritarrei arreta emateko ordutegiak egokituko dituzte udako hiletan,

0

Osakidetzak osasun-zentroetako arreta emateko ordutegia asistentzia-eskariaren murrizketara egokituko du. Gogorarazi behar da kontsulta medikoen kopurua, neguko hilekin alderatuta, % 33 murrizten dela. Neurri hori baliabide publikoen jasangarritasunean eta erabilera eraginkorrean oinarritzen da eta, gainera, Lehen Mailako Arretako profesionalen atsedenerako bide emango du.

Esan beharra dago, irekitzeko ordutegitik kanpora, osasun-asistentzia Osakidetzan bermatuta egongo dela etengabeko arreta guneetan; gune horiek sendotu egingo dira, bereziki, udatiar-kopuru gehien duten zonetan.

Hala, oro har, osasun-zentroen ordutegiak honela geratuko dira:

  • 08:00etatik 20:00etara arteko ordutegia izaten dituzten zentroak, udan, 08:00etatik 17:00etara egongo dira zabalik.
  • 08:00etatik 17:00etara arteko ordutegia izaten dituzten zentroak, udan, 08:00etatik 15:00etara egongo dira zabalik.

 

Osasun-asistentzia behar izanez gero, osasun-zentrora telefonoz deitu behar da, eta bertan emango da ordutegiari eta eskuragarri dauden hitzorduei buruzko informazioa.  Halaber, Osakidetzaren web-orriaren bidez har daiteke hitzordua telefonoz: www.osakidetza.eus

 ESKARIA MURRIZTEN DA

Gogoratu behar da asistentzia-eskaria nabarmen murrizten dela udako hiletan. 2019an osasun-zentroetan batutako jendetzari buruzko datuak erreferentziatzat hartzen baditugu, udako hiletan, alegia uztailean eta abuztuan, Familia Medikuntzan, jendetza gehiago batzen den hiletan –urtarrila eta otsaila– baino % 33 baxuagoa izan zen.

Osakidetzak aurtengo udan absentziak betetzeko duen konpromisoa irmoa da; hori dela eta, kontratazio berriak egitea aurreikusten da.

Udako hiletan Lehen Mailako Arretan lan egiten duen pertsona-kopurua handitu egiten da, urtero. 2020ko udan 6.400 pertsona izan ziren aktibo, batez beste, 2018an baino 312 gehiago; alegia, % 5 gehiago.

 

KONTSULTAK AURREZ AURRE

Bitartean, Osakidetzako osasun-zentroek jarraitzen dute arretan normaltasunera bueltatzen, pandemian hartutako segurtasun-neurriek telefono bidezko arreta lehenestera eraman ondoren. Gaur egun, Lehen Mailako Arretan ematen diren hitzorduen % 44 aurrez aurrekoak dira; zifra horrek gainditu egiten du dagoen eskaria.  Hau da, aurrez aurreko kontsulten eskaintza herritarrek eskatzen dutena baino handiagoa da; izan ere, batzuetan, haien arazoari arreta telefonoz  eman dakiokeela uste dute.

Gainera, uztailean, aurrez aurreko taldeko jarduerei ekingo zaie berriro, esaterako, Paziente Aktiboaren ikastaroei; ikastaro horiek gaixotasun kronikoa duen pertsonari bere osasuna zaintzeko aukera ematen dioten trebetasunak bereganatzera bideratzen dira.

 

WIFI-RAKO SARBIDEA OSASUN-ZENTROETAN

Bestalde, aste honetatik aurrera, Osakidetza, osasun-zentroetan, doako Wifi sarea zabaltzen hasiko da. Sarbidea Bisitari sarearen bidez egingo da, eta nahikoa izango da telefono mugikorreko zenbakia eta NAN zenbakia sartzea.

Zerbitzu hori erabilgarri dago, dagoeneko, ospitale guztietan, ekainaren hasieratik. Aurrerantzean, Lehen Mailako Arretako erabiltzaileak izango dira doako zerbitzu hori erabiltzen hasi ahalko direnak, Wifi azpiegitura duten zentroetan, alegia: 

Barakaldo A. Barakaldo
Basauri Ariz A. Basauri
Etxaniz suhiltzailea A. Bilbao
Deustu A. Bilbao
Areiltza doktorea A. Bilbao
Las Arenas A. Getxo
Rekaldeberri A. Bilbao
Santutxu-Solokoetxe A. Bilbao
Algorta O.Z. Getxo
Amorebieta O.Z. Amorebieta-Etxano
Rontegi O.Z. Barakaldo
Salburua O.Z. Vitoria-Gasteiz
San Martin O.Z. Vitoria-Gasteiz
Lakua Arriaga O.Z. Vitoria-Gasteiz
Zabalgana O.Z. Vitoria-Gasteiz
Markonzaga O.Z. Sestao

 

Gainerako zentroetan, Osakidetzak Wifi sarea 2022tik aurrera zabaltzea aurreikusten du.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 25a