Lekeitioko uretan desagertu zen urpekariaren gorpua aurkitu duten Ertzaintzako bi urpekariak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte

0

Arrantzan ari zenean hildako Zarauzko urpekariaren gorpua gaur eguerdian Lekeitioko uretan aurkitu eta erreskatatu duten Ertzaintzako bi urpekariak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte arratsaldean, medikuek dagokien jarraipena eta kontrola egiteko. Biak arriskuz kanpo daude.

Bi urpekariak Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatekoak dira, eta arratsaldeko ordu biak hamar gutxi aldera aurkitu dute urpekari gaztearen gorpua kostaldetik milia erdira, 27 metroko sakoneran. Gorpua aurkitzeko eta erreskatatzeko lana luzea eta ikuspegi teknikotik konplexua izan da, eta Ertzaintzako bi urpekariek, beraz, neke eta hipotermia sintomak zituzten. Hori dela eta, bi agenteak Gurutzetako ospitalera eraman ditu Osakidetzaren helikoptero batek, eta bertan tratamendua ematen ari zaizkie, nahiz eta biak arriskuz kanpo dauden.

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuak lurrez, itsasoz eta airez aritu dira lanean igandetik, gazte zarauztarraren lagun batek arrantzan ari zenean desagertu egin zela jakinarazi zuenetik.