Baigera I eta Baigera II jubilatuen etxeetako taberna-jatetxeak kudeatzeko lehiaketa publikoa abiatu du Azpeitiko Udalak

0
Azpeitiko Udalak Baigera I eta Baigera II-ko, hau da kaleko zein Sanjuandegiko, jatetxe-taberna kudeatzeko lehiaketa publikoak abiatu ditu. Esleipena gehienez lau urterako izango da (bi urteko elsleipena eta urtez urteko luzapena, beste bi urtez) eta eskaintzak egiteko azken eguna abuztuaren 9a izango da.

Azpeitiko Udalak Enparan kaleko 6. zenbakian eta Salbe auzoko 34.goan dituen Baigera erretiratuen egoitzetako taberna-jatetxeen kudeaketa lehiaketa publikora atera du. Hala, bi taberna-jatetxe horietakoren bat edo biak kudeatzeko interesa duen orok, bere proposamena aurkezteko aukera izango du, abuztuaren 9a bitartean.

Taberna-jatetxeek gutxieneko ordutegia izango dute; hala, 09:30etatik 21:00etara izan beharko dira irekita. Astelehenetik igandera bitartean. Ezarritako ordaindu beharreko gutxieneko hileko kanona 300€ + BEZ izango da, eta ohiko jarduneko gastuak bere gain hartu beharko ditu .Esleipena gehienez lau urterako izango da (bi urteko elsleipena eta urtez urteko luzapena, beste bi urtez).

Esleipendunak inguruarekin eta ekipamenduaren ezaugarriekin bat datorren zerbitzua eskaini beharko du. Hala, bezeroak euskaraz atenditu beharko ditu, bertako produktuak eskaini beharko ditu eta adinekoentzako Baigerako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako tarifak aplikatu beharko ditu. Horretaz gain, legea betez, adin txikikoei ezingo die alkoholik saldu, ezingo da erre, prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai izan beharko ditu eta erreklamazio orriak eskura izan beharko ditu, besteak beste.

Lizitatzaile interesdunek uztailaren 14 eta 21ean 10:00etatik 12: 00etara aukera izango dute instalazioak bisitatzeko. Instalazioak ikusi nahi dituztenek, aurrez 943-157162 telefonoan hartu beharko dute hitzordua.

Eskaintzak aurkezteko moduari eta, bereziki, memoria teknikoa garatzeko moduari buruzko argibideak behar dituztenek Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntzako agentziaren laguntza izango dute. Harremanetarako informazioa: Sindikatu Zaharra, Enparan Kalea 1-3 (20730). Tel: 943 02 60 69 e-posta: info@iraurgiberritzen.eus.

Kontsultatu lehiaketa publikoaren oinarriak.