Abian da Beldur Barik lehiaketaren edizio berri bat 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua

0

Beldur Barik Lehiaketaren 12. edizioari hasiera eman zaio gaur Gasteizen Kai Nakai artista gasteiztarrak Beldur Barik programarako sortutako “Nahikoa dela” kantuaren zuzeneko estreinaldiarekin. Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzeko helburua du. Emakundek gidatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta laguntzarekin. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurten Kai Nakai artista gasteiztarrak kantu bat sortu du Beldur Barik Jarrera sustatzeko, ‘Nahikoa dela’ izenburupean. Berak iazko lehiaketan ‘Gure Misioa’ hirugarren kategoriako aipamen berezia jaso zuen. Horrez gain, Uxue Bereziartua ilustratzaile feministak sortu du aurtengo irudia, berak ‘Errebelazioa’ lanarekin ikus-entzunezko saria irabazi zuen. Biak izan dira gaurko aurkezpenean, eta beraiek azaldu dituzte lehiaketaren nondik norakoak.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatu behar dute lanek.

Edizio honetan, gehienez 3 minutuko iraupena dituzten ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira. Horrez gain, bideoetan hitz egiten bada gaztelerazko edo euskarazko azpitituluak jartzea derrigorrezkoa izango da. Bideoak aurkezteko epea irailaren 10etik azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) parte hartu daiteke.

Guztira zortzi sari banatuko dira. Hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio. Herri-bozketa azaroaren 11tik 12ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez

Agurain, Beldur Barik herria

Aurten, lan sarituak 2021ko azaroaren 26an ezagutzera emango dira Agurainen, Arabako herri hau izango baita aurten Beldur Barik programaren hiriburu, bertan ospatuko baita Beldur Barik Topaketa. Topaketa www.beldurbarik.eus webgunearen bidez ere jarraitu ahal izango da zuzenean streaming bidez. Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

 

Beldur Bariken bideo promozionala

Informazio guztia www.beldurbarik.eus webgunean eta sare sozialetan