Hezkuntza Sailak 7,3 milioi euro bideratuko ditu Zumaiako Institutua handitzeko lanetara

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  • Zumaia BHI handitzeko eraikin berria egingo du Hezkuntza Sailak; DBHrako 10 ikasgela eta 480 metro koadroko gimnasioa izango ditu
  • Lan hauekin batera, Zumaiako eskola-esparruan dauden kirol-kantxak estaltzeko aterpea ere egingo da

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Zumaia Bigarren Hezkuntzako Institutua (Zumaia BHI) handitzeko eraikin berria jasotzeko gastua. Orotara 7.348.528,54 euro bideratuko ditu Hezkuntza Sailak handitze-lan hauetarako.

Eraikin berria, Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen egungo eraikinaren eta Aitzuri frontoiaren artean dagoen orubean eraikiko da, eta Zumaiako Bigarren Hezkuntzako Institutuaren egungo eraikinetik gertu, aldi berean.

Handitzeko eraikin berriak bi bolumen bereiziko ditu. Horietako batek irakaskuntza-erabilerako espazioak hartuko ditu (ikasgelak, tailerrak, irakasleen gela…); bigarrenak, berriz –besteari atxikia baina bisualki bereizia-, gimnasioa hartuko du (480 metro kuadrokoa), aldagelak, komunak eta biltegia dituena. Gimnasioa lursailaren hegoaldeko muturrean kokatuko da, Sagarbidea kale aldera. Horrela, trafikoak aipaturiko kalean sortzen duen zarata xurgatuko du bolumen honek, eta irakaskuntza-eremua berdegunez, oinezkoentzako gunez eta jolastokiz inguratuta geratuko da.

Zumaia BHI handitzeko Hezkuntza Sailak jasoko duen eraikin berriak eraikitako 2.477 metro koadro izango ditu orotara, eta gehienez 250 ikasle hartzeko gaitasuna izango du, barnean izango diren 10 ikasgelei esker. Eraikin berriak izango dituen instalazio guztien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

  • 10 ikasgela arrunt
  • 2 banaketa-gela
  • 2 ikasgela Hezkuntza Premia Berezietarako
  • Tailerra
  • Erabilera anitzeko espazioa
  • Plastika gela
  • Gimnasioa (480 m²), biltegia eta aldagelak alboan dituela
  • Aterpea, 150 m²-koa (eraikinaren sarrera nagusiaren aurrean)
    • Azalera erabilgarria orotara: 162 m²
    • Azalera eraikia orotara:   477,01 m²

Kirol-kantxak estaltzea

 Hezkuntza Sailak Zumaiako eskola-esparruan egingo dituen lan hauen barruan sartzen da, halaber, aterpea eraikitzea gaur egun Zumaia BHIren jatorrizko eraikinaren atzean dauden kirol-kantxak estaltzeko, egungo frontoi estaliaren ondoan.

Obrak hasi eta bukatzeko epea 20 hilabetekoa izango da. Lan hauek egiteko gastua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak esleipen-prozesuari ekingo dio, obrak 2022ko udaberrian hastea aurreikusita.