Javier Hurtado sailburuak Arabako merkataritzarentzako Aenkomer sarien banaketan parte hartu du

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Merkataritza eta Zerbitzuen AENKOMER Sarien XVII. edizioan parte hartu du. Ekitaldian Etxabe Harategiaren berrikuntza-saria eman du

Sailburuak merkatarien ahalegina eta lana eskertu du, bereziki pandemiarekin bizitakoak bezalako une latzetan. “Merkataritzak lehendik zituen erronkak areagotu dituen egoera gogorra izan da; horretaz gain, egoera berriak ere planteatu dira. Pandemiaren aurretik ere, historian merkataritzarako izan den eraldaketarik handienetako bati buruz hitz egiten genuen, kontsumo-ohituren aldaketekin, beharrezko digitalizazioarekin eta kontsumitzailea protagonista nagusia den agertoki berri batekin”.

Sailburuak digitalizazio-eginkizun horretan merkataritzari laguntzearen aldeko apustua egin du, baina argi izanik “tokiko merkataritzak bere nortasunari eta berezitasunari eutsi behar diola beharrezko birmoldaketa- eta modernizazio-prozesuan. Eta helburu gisa hartu dugu lehiakortasunaren hobekuntza are gehiago indartzea, digitalizazioa bultzatzea, euskal merkataritza indartsuagoa, sendoagoa eta lehiakorragoa izan dadin lagunduz”.

“Zuek, merkatariek, merkataritzaren eta zerbitzuen sektoreko profesionalek, indarra, talentua eta borondatea duzue aurrera egiten jarraitzeko. Egunez egun erakusten duzue hori, eta gure esku dago zuei ahalik eta babes handiena ematea, merkataritzari tresnak eta ezagutza emango dioten sustapen-estrategiak eta programak garatuz”, gaineratu du.