Eusko Jaurlaritzak igande honetan egingo den Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioak trafikoan izango dituen eraginez ohartarazten du

0

Donostia eta Behobia (Irun) arteko ibilgailuen trafikoak aldaketa handiak izango ditu igandean, azaroaren 14an, Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioa dela eta. Goizeko 06:20tik proba amaitu bitartean, ibilgailuen zirkulazioan aldaketak izango dira ibilbidearen inguruetan.

Lasterketa goizeko 9:30ean hasiko da gurpildun aulkietako parte-hartzaileen probarekin. Handik bost minutura irtengo dira patinetan parte hartuko duten lasterkariak, eta, azkenik, 9:55ean oinezkoen txanda izango da. Lasterketa Behobiatik, Faisaien Uharte ondotik, abiatuko da, eta Irundik, GI-636 errepideari jarraituz, Gaintxurizketa gainera igoko da, eta errepide beretik Errenteriako hirigunerantz egingo du. Jarraian, Pasai Antxon sartuko da Nafarroa Etorbidetik, Donostian Mirakruz gainetik sartuko da eta Gros eta Zurriola pasealekua zeharkatuta Boulevarden amaituko da. Azkeneko parte-hartzaileak 11:45ak aldera irtengo dira Behobiatik.

Eraginak trafikoan

Goizeko 06:20tik garbiketa-lanak amaitu arte itxiko da GI-636 errepidearen zatia, Irunen, Oxinbiribileko eta Zaisa IIIko biribilguneen artean eta bi noranzkoetan, era guztietako ibilgailuentzat. Ordezko desbiderapen bat ezarriko da autoentzat Irungo 54 industrialdetik, eta ibilgailu astunentzat AP-8 autobidetik.

Goizeko 08:15etik aurrera, proba Gaintxurizketa gainetik igarotzean, bypass bat ezarriko dute: bidearen zati bat (Irunerako noranzkoan) parte-hartzaileak Errenteriarantz bideratzeko erabiliko da; bestea (Donostiarako noranzkoan) ibilgailuen zirkulaziorako, GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Gaintxurizketa-Lezo).

Une berean, 08:15etik aurrera, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko da zirkulaziorako 7,9 kilometro-puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 2,5 kilometro-puntuaren (Altamira) arteko tartean. Ordezko desbideratze bat ezarriko dute GI-2638 errepidean, Altamirako biribilgunera arte, eta handik berriz konektatuko ahal izango da GI-636 errepidearekin, Don Bosco tunelaren eremuan.

Gomendioak

Parte-hartzaileen kopuru handia dela-eta (25.000 lagunek eman dute izena), eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidean trafikoa denbora luzean egongo denez etenda, gomendatzen da beste errepide batzuk erabiltzea Irun, Donostia eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien arteko joan-etorrietarako.

Proba egin bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea: hau da, ezingo da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu, etab. Halakoek arriskua dakarkiete bai lasterketan parte hartzen dutenei, bai trafikoari, oro har, eta zigortuak izan daitezke.

Era berean, probaren aurreko orduetan, lasterketa egingo den bideetatik zirkulatzen duten oinezkoek arreta berezia jarri beharko dute bidetik eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko arauak betetzeko (kontuz zirkulatzea, zirkulazioa ez eragoztea, ilaran joatea, jantzi islatzaileak ematea…), arrisku-jokabideetan erori gabe.