Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko Euskadi Basque Country 2025 Estrategia berria onartu du erronka berriei aurre egiteko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gaur Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategia berria aurkeztu du, nazioartekotze-jarduera indartzeko helburua duen estrategia, Covid-19aren agerpenak eragindako eredu sozioekonomikoa berreskuratu eta eraldatzeko jokaleku batean. “Pandemia etorkizun globalaren ikuspegia azpimarratzen ari da. Euskadi Basque Country Estrategia berriak errealitate horri aurre hartu eta erantzuten dio”, esan du. Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiak adierazi duenez, estrategia nazioartekotzeko ibilbide-orri komun bat da, trantsizio digital, klimatiko eta sozialak errazten dituena, eta estatuz azpiko gobernuen garrantziaren hazkundea bezalako joerak aprobetxatuko dituena. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzaren nazioarteko agendaren ardatz izango diren lehentasunezko geografiak identifikatu dira.

Hau horrela, Marian Elorzak nazioarteko jarduera gidatuko duten lau ardatz nagusiak azaldu ditu: Euskadiren kanpo-posizionamendua hobetzea; ehun sozioekonomikoaren nazioartekotzea bultzatzea; Europako proiektuan laguntzea eta parte hartzea; eta erronka globalak gainditzeko euskal ekarpena indartzea.

Era berean, eta estrategia horren esparruan, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio legegintzaldi honetarako Kanpo Ekintzako Planari. Plan honek aipatutako lau ardatz horiek partekatzeaz gain, bosgarren ardatz espezifiko bat du, Euskal Komunitate Globala Eraikitzeko Estrategiaren helburua garatzen duena, hain zuzen.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lan eta Enplegu sailari dagokionez, Jaurlaritzaren Kontseiluak Lanbideren eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren arteko hitzarmen bat sinatzea onartu du, BGDS jasotzen duten pertsonei laguntzeko, laneratzeko eta gizarteratzeko proiektu pilotuak garatzeko. Europako funtsetatik datozen 6,59 milioi euroko zuzkidura du, eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plan Nazionalaren barruan dago.

Halaber, Gobernu Kontseiluak baztertu egin du Elkarrekin Podemos legebiltzar taldeak proposatutako EnergiBerri-Euskadiko Energia Berriztagarriak sozietate publikoa sortzeari buruzko lege-proposamena izapidetzea eta onartzea, aukera, eraginkortasun eta proportzionaltasun arrazoiengatik. Bozeramaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak uste du jadanik badaudela proposamenarekin lortu nahi diren helburuak betetzen dituzten organoak eta foroak, eta behar bezala funtzionatzen dutela.

Gainera, Gobernu Kontseiluak ‘Ardatz’, 2030erako Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalerako Plan Estrategikoa, onartu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren gobernantza, berrikuntza publikoa eta gobernu digitala egituratzeko zeharkako tresna izango dena. Bingen Zupiriak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez, gobernu on bat izateko, berdintasunezkoa eta elebiduna, berritzailea eta etengabeko ikaskuntzan ari dena bermatzeko, ezinbestekoa da helburu horiek betearaziko dituen jarduera esparruak sortzea. Eta horrek gizarte premiak eta kalitatezko zerbitzu publikoak aseko dituzten politika publikoetara hurbilduko gaitu.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko landa-inguruneak 2022an zehar sustatzeko eta garatzeko EREIN programaren laguntzak modu aurreratuan deitzea onetsi du. Bertan, guztira, 116 udalerri sartuta daude eta 7,56 milioi euroko aurrekontua du. Zupiria sailburuak jakinarazi duenez, landa-ingurunean bizi-kalitatea hobetzeko nekazaritzakoak ez diren jarduerak gauzatzen dituzten ekimen publiko eta pribatuak finantzatzen dira deialdi honen bidez.

Ekonomia eta Ogasun arloan, gaurko Gobernu Kontseiluak Finkatuz funtserako beste 50 M€ gehiagoko zuzkidura onartu du; funtsa Finantzen Euskal Institutuak kudeatzen du. Hala, finantza-tresna horrek 210 M€ izango ditu aurten, eta, kopuru horri, datorren urtera begira, 2022ko aurrekontu-proiektuan aurreikusitako 50 M€-ak gehitu beharko zaizkio. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da bere kapitala areagotzen joatea legegintzaldian zehar, harik eta 300 M€-ra iritsi arte.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikari dagokionez, alde batetik, Gobernu Kontseiluak Zallako Udalari urte anitzeko zuzeneko dirulaguntza bat ematea onartu du gaur, Zallako La Guata zelulosa-fabrika zaharrean kultura- eta sormen-industrien gune bat, “Zallako Artisten gunea”, sortzea finantzatzeko. Guztira, 2.158.000 euro izango dira 2021-2023 aldirako.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena