Hitzarmena Gizarteratze Ministerioarekin, BGDSren hartzaileei laguntzeko eta gizarteratzeko proiektuak garatzeko (Gobernu Bilera 2021-12-14)

0

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak Lanbideren eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren arteko hitzarmen bat sinatzea onartu du, BGDS jasotzen duten pertsonei laguntzeko, laneratzeko eta gizarteratzeko proiektu pilotuak garatzeko. Europako funtsetatik datozen 6,59 milioi euroko zuzkidura du, eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plan Nazionalaren barruan dago.

Lehendakariordeak 2022rako aurrekontuen aurkezpenean aurreratu zuen bezala, Lanbidek 6,59 milioi euro izango ditu gizarteratze-ibilbideak garatzeko proiektu pilotu berritzaileak egiteko, berdintasuna, gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka sustatzen laguntzeko, BGDSa eskuratzeko tasa hobetuz eta eraginkortasuna handituz.
Diru-laguntzak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren onuradunekin ibilbideak garatzeko izango dira. BGDSaren onuradunen kopurua esku-hartzea garatzeko nahikoa ez denean, honako hauek ere jaso ahal izango dute lehentasuna: haurrak eta gazteak, adinekoak, desgaitasuna dutenak, migratzaileak, genero-indarkeriaren eta gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeak, diskriminazioaren biktimak, etxerik gabeko pertsonak, gutxiengo etnikoetatik etorritako pertsonak, transak, presoak eta preso ohiak, adikzio-arazoak dituzten pertsonak eta gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden beste batzuk.