Partida aurrekoa: CA Osasuna vs Athletic Club

0

Athletic Clubek 2022a estreinatuko du LaLigako Santanderreko 19. jardunaldiarekin eta etxetik gertu jokatuko du, Sadarren Osasunaren aurka. Iruindarren eta bilbotarren arteko norgehiagoka izango da urte berrian jokatuko den lehen derbia. Sailkapenean antzeko egoeran dauden bi taldek neurtuko dituzte indarrak; Osasuna hamahirugarren postuan dago 22 punturekin, hamargarren doan Athleticengandik bi puntura. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak zailtasunak izan ditu aurtengo denboraldian etxeko partidak aurrera ateratzeko (partida bakarra irabazi du, bost berdindu eta hiru galdu ditu).

Deialdia

Marcelino Garcia Toral, Athletic Clubeko entrenatzaileak, ezin izango ditu bere jokalariak aulkitik zuzendu, COVID-19a duela egun batzuk hartu baitzuen. Bere lekuan Ruben Uria, bigarren teknikaria, egongo da. 2022an Osasunaren aurkako lehen partidarako deialdia 20 futbolarik osatzen dute. Unai Simon, Iñigo Martinez eta Alex Berenguer itzuli dira euren berrogeialdiak bete ondoren, baina Oier Zarragak, Raul Garciak, Unai Nuñezek eta Asier Villalibrek berriki eman dute positibo. Vivian eta Yuri ere bajak dira erabaki teknikoagatik edo arazo fisikoengatik. Peru Nolaskoain deialdira itzuli da bere lesioa gaindituta hainbat hilabetez zelaietatik urrun egon ondoren. Zerrendako beste nobedadeetako bat, CD Basconian jokatzen duen eta Bilbao Athleticekin ere debuta egin duen Luis Bilbao harrobiko jokalaria da. Berarekin batera zerrendan sartu da Artola bigarren taldeko aurrelaria.

Ruben Uria

Uria-declas-EUS

Ruben Uriaren adierazpenak hemen berriro ikusi eta entzun ditzakezu, Youtubeko gure kanal ofizialean, Osasunaren eta Athleticen arteko LaLiga txapelketako 19. jardunaldiko partidaren aurreko prentsaurrekoan.

Aurkaria

CA Osasuna 1920ko urriaren 24an sortu zen, Iruñeko bi kluben bat-egitearen ondorioz: Sportiva Foot-ball Club eta New Club. LaLiga Santanderreko lau klub profesional bakarretako bat da, Real Madrid, FC Barcelona eta Athletic Clubekin batera. Beraz, ez da kirol-elkarte anonimo bat, eta klubaren jabetza bere bazkideena da. Oraintsuko historian, Txapeldunen Ligako aurreko fase batean eta UEFA Kopako lau ediziotan parte hartu du Osasunak, 2006-2007 denboraldian txapelketa honetako finalerdietara iritsiz. Arazo ekonomikoak tarteko, 14 urtez Lehen Mailan egon ondoren, 2013-14 denboraldian Bigarren Mailara jaitsi zen eta mailaz igotzeko eta jaisteko etapa bat hasi zuen: 2015-16 denboraldian, maila galdu eta handik bi urtera, Gironaren aurka play-offa irabazita bueltatu zen. Urtebete iraun zuen maila goreneko itzulerak, hurrengo denboraldian beste jeitsiera bat izan baitzuten, orain arte azkena izan dena. Jagoba Arrasate talde gorritxoko teknikari zela (2018-19), nafarrak LaLiga SmartBankeko txapeldun atera ziren eta ordutik Estatuko futbol talde onenekin lehiatzen jarraitzen dute.

LaLigako lehen 11 jardunaldietan 19 puntu lortu zituen hasiera zorabiagarri baten ondoren, baina talde gorritxoak ez du garaipenik lortu orain dela bederatzi jardunalditik hona, azkena 1-2 etxetik kanpo Villarealen aurka izan zen. Ordutik, berdinketa eta porrotak pilatu ditu. Izan ere, azken bost partidatan hiru berdinketa erdietsi ditu (Elche, Levante eta Barcelona) eta bi aldiz galdu du (Atletico Madrid eta Getafe).

Estatistikak

Bi taldeek maila gorenean jokatu dituzten derbi historikoei dagokienez, 80 izan dira gorritxoek eta zuri-gorriek indarrak neurtu dituzten aldiak. Balantza lehoien aldekoa da eta 39 aldiz lortu dituzte hiru puntuak, 22tan partida berdindu dute eta 19tan Osasuna izan da garaile.

Sadarren jokatutako partidetan, zenbaketa globalak ere mesede egiten die zuri-gorriei. Jokatutako 40 norgehiagoketan, Athletic Club 17 aldiz atera da garaile, 11tan puntu bat lortu du eta 12tan etxekoak izan dira nagusi.

Azken bost aurrez aurrekoei erreparatuz, gorritxoek eten egin zuten iragan denboraldian Athleticek Nafarroako hiriburua bisitatzen ari zenean zuen garaipen-bolada ona. Lau urtez etxetik kanpo garaipenak lortu ondoren, Ruben Garciak azken minutuetan penaltiz sartutako golari esker, iruindarrak Gaizka Garitanok zuzentzen zuen taldea gainditzeko gai izan ziren. Hala ere, azken lau irteeretan, Athleticek hiru puntuak batu zituen eta guztien artean 2013-14 denboraldiko 1-5 amaitu zen partida nabarmentzen da.

Kontsultatu Osasuna taldearen aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan zehar

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu gure Athleticen partida ez duzula galtzen.