Artolazabal: “Tomas Rubin bezalako familien presentziari esker, gure lana, Aranzadik, Gogorak eta Eusko Jaurlaritzak egiten duguna, zentzu osoa hartzen du”

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Tomás Rubin Marín Gerra Zibilean hil zen gudariaren familiarekin izan da, haren gorpuzkiak Bilboko Begoñako hilerrian lurpetik atera dituztenean. Sailburuak nabarmendu duenez, “familia honen presentzia, keinuak, hitzak, emozioak eta poz-malkoak dira, gure lanari, Aranzadik, Gogorak eta Eusko Jaurlaritzak egiten dugunari zentzu osoa ematen diena”.

Artolazabalek azpimarratu duenez, “Euskadiko memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko egiten ditugun urratsak gure herrian bizikidetza eraikitzeko egiten ditugun urratsak dira”. Zentsu horretan nabarmendu du “gaur urrats garrantzitsua ematen dugu Rubin familiaren eta euskal gizarte osoaren zauriak ixteko”.

Tomás Rubin Marín bilbotarra zen, eta igeltseroa zen. Gerra Zibilean gudari izan zen 6 zenbakiko ANV-1 Olabarri batailoian. Legutioko guduan izan ziren borroketan zauritu zuten, Legution bertan, eta, ondoren, Amorebietako ospitale militarrera eraman zuten; han hil zen, 1936ko abenduaren 3an. Bere gorpuzkiak, azkenean, bere jaioterrian lurperatu zituzten, Bilbon, Begoñako hilerrian, baina bere familiak sekula ez du jakin zer leku zehatzetan zeuden.

Rubin Marín, hogeita hamaika urtekoa, Bernardina San Ajuriarekin ezkonduta zegoen, eta hiru seme-alaba txiki zituzten, hil zen unean: Ignacio, Benancio y Ángel. Hil eta hiru hilera, bere emazteak, hogeita hamar urte zituela, bihotzeko bat izan zuen, eta hil egin zen; hala, umezurtz geratu ziren hiru neba-arrebak. Gaur goizeko ekitaldian haietako txikiena ere izan da, beste senitarteko batzuekin batera.

“Harrotasuna da Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Tomas Rubin bezalako pertsonei duintasuna itzultzen lagundu ahal izatea. Bera, Eusko Abertzale Ekintzako batailoi bateko gudari gisa, Euskadiren atuogobernu eta askatasunaren alde borrokatzen ibili zen. Eta bere familiak beti mantendu du bere oroitzapen bizia”, Artolazabalek adierazi duenez.

Tomásen bilobetako bat –Rocío Rubin– izan zen pasa den abenduan Bilboko hilerrian Begoñako Argia proiektuaren esparruan egin ziren bisita gidatuetako batera joan zena. Han, bere familia-historia kontatu zion Anartz Ormazari, proiektuaren koordinatzaileari, eta hark eman zizkion jarraibideak. Rubin, orduan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin jarri zen harremanetan.

Familiak, zehazki biktimaren hiru seme-alabek, ez zekiten zer lekutan zeuden aitaren gorpuzkiak. Rocío Rubinek berak eginiko zenbait ikerketari esker, gorpuzkiak Begoñako hilerrian lurperatu zituztela jakin zuten, baina ez zekiten hilerrian zer leku zehatzetan zeuden.

Gaur goizean gorpuzkiak lurpetik ateratzeko ekitaldian, Tomásen senitartekoekin batera, Artolazabal sailburuaz gainera, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria eta Pako Etxeberria forentsea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea ere izan dira.

Begoñako Argia

Gorpuzkiak ateratzeko gaur goizean izan den ekitaldia Begoñako Argia proiektuan sartzen da; proiektuak Aranzadi elkartearen ekipo arkeologiko bat du, Gerra Zibilean hildako eta Begoñako hilerrian lurperatutako biktimen gorpuzkiak berreskuratzeko.

Erregistro zibil, parrokia-liburu eta hilerriko bertako erregistroetatik ateratako dokumentazioaren arabera –1936-1945 aldian Gerra Zibilean hildako biktimen datu-basearen bidez jendaurrean dago–, 60 dira Begoñako hilerrian lurperatutako gerrako biktima kopurua. Ikerketa horren arabera, borrokalariak (gudariak eta milizianoak) eta biktima zibilak daude, bonbardaketetan hildakoak; zehazki ezagutzen da Cotorrueloko fabrika-babeslekuan eginiko bonbardaketan 1937ko apirilaren 18an hildako pertsona batzuk hilerri horretan lurperatu zirela.

Haien artean, biktima batzuen kasuan haien familiek ez dakite zer lekutan eta egunetan hil ziren. Artolazabal sailburuak gerran hil ziren hurbileko pertsonak zer lekutan dauden ez dakiten eta gehiago jakin nahi duten familiak Gogorarekin harremanetan jartzera animatu ditu.

Begoñako hilerria 2006an itxi zen; martxan izan zen 1813aren eta 2003aren artean (azken lurperatzearen data) eta, Memoria Historikoagatik duen balioa ez ezik, XIX. mende-amaierako eta XX. mendeko hilobi-arkitektura aztertzeko ere interes handia du.