Barakaldon Nerbioi ibaian Erribera Parkearen proiektuaren lehenengo fasearen elaborazioa amaitu da

0

Bilbao Ría 2000 sozietatearen Administrazio Kontseiluak bilera bat egin du gaur, eta bertan, beste erabaki batzuen artean, Kontseiluari jakinarazi zaio amaitu dela Barakaldon Nerbioi ibaian Erribera Parkearen proiektuaren lehenengo fasea. Proiektu hori Barakaldoko Udalari bidaliko zaio, obrak lizitatu baino lehen, izapidetu eta onetsi dezan.

Kontseiluaren ostean prentsaurreko bat egin da eta honako hauek izan dira bertan: Bilbao Ría 2000 sozietateko presidentea, Juan Mari Aburto; Barakaldoko alkatea, Amaia del Campo; eta Sozietateko zuzendari orokorra, Ángel Nieva. Prentsaurreko horretan Barakaldon egindako aipaturiko esku-hartzearen helburuak aurkeztu dira eta esku-hartze horrek industria-udalerriarentzat eta metropoliarentzat duen garrantzia azpimarratu da.

Itsasadarra eta bazterrak leheneratzen lagunduko duen hirigintza- eta paisaia-balio ikaragarria duen pieza bat da, eta erakargarri eta interesgarriago egingo du herritarren jardueretarako, eta denbora luzez industria-jarduerek hartuta egon diren gune handiak (kasu honetan, Bizkaiko Labegaraiena) herritarren erabilerarako berreskuratzea ahalbidetuko du.

Proiektuaren lehenengo fase honek 8,5 hektareako azalera bati eragingo dio eta 5,5 milioi euroko aurrekontua izango du, BEZik gabe. Gogoratuko duzuen bezala, gauzatuko den proiektua BILBAO Ría 2000 sozietateak 2000an egin zuen Proiektuen Lehiaketako irabazlea izan zen. Lehiaketa hori irabazi zuen taldea Burgos & Garrido Arquitectos SLP eta Typsa Técnica y Proyectos SA sozietateek osatzen dute; beren proposamena «El Jardín en movimiento» (Mugimenduan dagoen lorategia) lelopean aurkeztu zuten enpresak.

Une horretatik aurrera, udal-izapide bat egingo da eta horren ostean aurreikuspenen arabera urte honetako bigarren seihilekoan obrak abiaraztea ahalbidetuko duen lizitazioa irekiko da. Lehenengo fase honetako aipaturiko obrek 18 hilabete inguru iraungo dituela aurreikusten da.

Proiektua bi fasetan banatu da eta bigarren fase bat geratu da gauzatzeke, hektarea batekoa gutxi gorabehera, Sestaotik hurbilen dagoen aldean dauden portu-kaiak berreskuratzearekin lotutakoa. Aipaturiko faseak Bizkaiko Foru Aldundiak eremu horretan gauzatzea aurreikusten duen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidearen obretara egokituko da.

ADJUDIKATUTA PORMETXETA PLAZA HOBETZEKO PROIEKTUAREN LEHENENGO FASEA

Arestian aipaturikoaz gain, Administrazio Kontseiluak Pormetxeta Plazan esku hartzeko lehenengo fasea adjudikatu du, Barakaldoko Udalaren adostasunarekin, plaza horretako segurtasun-neurriak eta argiztapena hobetzera bideratutako jarduketa bat martxan jartzeko. Obrak Viconsa enpresari adjudikatu zaizkio, 473.022 euroren truke, BEZik gabe. Bigarren fase batean, Barakaldoko Udalarekin garatu beharreko zenbait jarduketa adostuko dira, eta horien helburua aipaturiko gunea eta horren ingurua suspertzea izango da.

Era berean, Administrazio Kontseiluak Sozietatearen martxa orokorrarekin loturiko beste jarduketa batzuen berri izan du, horien artean, Olabeagako esparruarekin eta Barakaldoko esparruan lurzati berriren baten komertzializazioarekin lotuta gauzatu diren kudeaketak nabarmentzen dira.

KONTSEILARI BERRIAK GEHITZEA

Azkenik, gaurko bileran kontseilari berriek kargua hartu dute eta Kontseilura gehitu dira. Besteak beste, honako hauek: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Estatuko idazkaria, Isabel Pardo de Vera, Sozietateko presidenteorde izendatua izan dena; aipaturiko ministerioko Azpiegituren idazkari nagusia, Francisco Javier Flores García; Sepeseko zuzendari nagusia, Fidel Vázquez, eta erakunde horretako zuzendari ekonomiko-finantzarioa, Miguel Ángel Pino.