LABIren Aholku Batzordeak luzatu egin ditu birusa geldiarazteko aforoei eta ordutegiei buruzko neurriak

0

LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren Irizpeneko gomendio zientifiko-sanitarioak kontuan hartuta, aurreko Dekretuan aforoei eta ordutegiei buruz adostutako neurriak luzatzea erabaki du. Era berean, Aholku Batzordeak kontuan hartu du COVID Ziurtagiria exijitzeko guneak zabaltzea EAEANri helarazteko erabakia.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak prentsaurrekoa eman du bileraren ostean, eta, azaldu duenez, gaurko datu epidemiologikoek baieztatu dutenez, 14 egunerako intzidentzian beherakada mantendu den arren, 7 egunerako joerak erakusten du beherakadak moteltzen jarraitzen duela. Hori dela eta, datozen asteetan zuhurtziaz eta ahalik eta prebentzio handienarekin jarraitu behar dela adierazi du, pandemiaren portaera zein izango den jakin arte.

Horregatik guztiagatik, sailburuak azaldu du Lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuan jasotako prebentzio-neurriak luzatzea erabaki dela, gabonei lotutakoak izan ezik.

Neurri horiek honako hauek dira:

  • Beranduen 01:00etan itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak.
  • Oro har, edukiera-muga % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta eta barrualdeko esparruetan.
  • Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako gehienez 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehieneko kopurua 800 pertsonakoa da barrualdean, eta 1.200 pertsonakoa kanpoaldean. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50ekoa izango da; nolanahi ere, Estatuan beste muga jakin bat aplikatu ahal izango da.
  • Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei
  • Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da.

Dekretu berria gaur arratsaldean bertan argitaratuko da, eta une horretatik aurrera eta otsailaren 13ra arte egongo da indarrean.

Bestalde, sailburuak jakinarazi du LABIren Aholku Batzordeak kontuan hartu duela Covid ziurtagiriaren eskakizuna luzatzeko eta espazio gehiagotara zabaltzeko eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari aurkezteko erabakia.