Motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitorpena emateari buruzko Legearen balorazio-batzordeak ezetsi egin ditu Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta ETAren biktimek aurkeztutako 510 eskaera

0

Motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitorpena emateari buruzko uztailaren 28ko 12/2016 Legeari aurkeztutako eskaerei buruz mintzatu da gaur Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Artolazabalek gaur adierazi duenez, “Eusko Legebiltzarrak izendatutako eta profesional ospetsuek osatutako balorazio batzordeak bere lana egin du eta ondorio batzuk ezarri ditu. Besteak beste, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideak eta ETAren biktimak ezin direla biktima gisa aitortu edo artatu lege honen babesean. Nabarmendu duenez, ETAren jazarpena jasan dutela onartuta, badira biktima gisa babesten dituzten eta jasandako giza eskubideen urraketa aitortzen duten beste lege batzuk”.

Artolazabalek iragarri du dagoeneko batzordetik bidali dizkietela ezezko ebazpenak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideei eta ETAren biktimei, eta aho batez onartu dituztela gainera.

Sailburuak azaldu duenez, 1.220 eskaera aurkeztu dira uztailaren 28ko 12/2016 Legean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak aitortzeari buruzkoan –Polizia-abusuen biktimak aitortzeko lege gisa ezagunagoa–. Gehitu duenez, balorazio-batzordeak 563 irizpen ebatzu ditu orain arte. Artolazabalek gogora ekarri duenez, joan den ekainean Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian 36 aintzatespen eman zitzaizkien biktimei. Gainera, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek aurkeztutako 460 eskaera ezetsi egin dira eta ETAren biktimek aurkeztutako beste 50. Guztira, 510 eskaera ukatu dira era horretan.

“Legearen espiritua argia da, eta hala dago jasota balorazio batzordea egiten ari den jarduketan. Arau honen helburua funtzionario publikoen edo hauek babestutako partikularren esku-hartzean jatorria duten giza eskubideen urraketak babestea da”, nabarmendu duenez.

Sailburuak adierazpen horiek egin ditu Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek esparru-akordio bat sinatu duten ekitaldi batean, Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerrietako udalek eta gainerako toki-erakundeek gizartearentzat lan egiteko zigorrak betetzeko plazak eskain ditzaten sustatzeko eta errazteko sinatu dena hain zuzen ere.

Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin bilera

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, atzo Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) kideekin bildu zen. Bilera horretan, gradu-progresioak lortzeko ezarritako irizpideei buruz hitz egin zen. Sailburuaren arabera, “irizpide horiek Espetxeetako Lege Organikoan jasotako irizpide objektibo, tekniko eta zientifikoak izango dira beti”.

Horri dagokionez, Artolazabalek adierazi du bat datorrela AVTren nahiarekin ETAko presoen gradu-progresioak ezartzerakoan damua eta argitu gabeko kasuak argitzen laguntzea kontuan hartzeko.