Apirilaren 4an hasiko da errenta aitorpena aurrez aurre, telefonoz edo Internet bidez aurkezteko epea Bizkaian

0

2021eko ekitaldiko PFEZaren aitorpena aurkezteko kanpaina apirilaren 4tik ekainaren 30era bitartean egingo da. Ia hiru hilabete horietan zergadunek laguntza-zerbitzu zabala izango dute eskura hiru kanaletan: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta digitala, hala errenta-aitorpena aurkezteko nola zalantzak argitzeko. Era berean, pertsona guztiek aitorpenaren zirriborro bat izango dute, Foru Ogasunak dituen datuekin egina, aitorpena aurkezteko datuak falta badira soilik berrikusi eta osatu ahal izateko.

Pertsona guztiek euren aitorpen-zirriborroa kontsultatu eta osatu dezakete, eta aitorpena aurrez aurre, telefonoz edo interneten aurkeztu, hiru kanaletako edozeinetan egin baitaitezke errenta-izapide guztiak. Edozein zalantza izanez gero edo kontsultaren bat egin nahi bada, Aldundiak 94.608.3000 telefonoan eskaintzen du laguntza.

Errenta-gutunak, apirilaren 4tik aurrera

2021eko ekitaldiari buruzko datu ekonomikoak (errendimenduak zein atxikipenak) dituzten pertsona guztiek jakinarazpena jasoko dute apirilean zehar. Jakinarazpen horretan Ogasunak adieraziko die aitorpena aurkeztu behar duten, zergak ordaintzeko aukerarik onena zein den (banaka edo batera) eta zirriborroaren behin-behineko emaitza. Behin-behineko emaitza eta zergak ordaintzeko aukerarik onena ez dira jakinaraziko Ogasunak zirriborroa osatzeko behar diren datu guztiak ez dituenean.

Era berean, Bak gakoa aktibatzeko kode bat emango zaie identifikazio digitaleko sistema hori eta ordezkaritza-gakoa ez duten pertsonei, beste pertsona batek errenta-kanpainako izapideak bere izenean egin ahal izan ditzan. Ordezkaritza-gakoa ez zaie bidaliko adingabeei, hildakoei eta mendeko pertsonei.

Jakinarazpenak apirilaren 4tik aurrera kontsultatu ahal izango dira egoitza elektronikoaren sarrera-erretiluan eta postaz ere bidaliko dira. Posta bidezko bidalketak apirilaren 4an hasiko dira eta banaketa prozesua apirilaren 25eko astean amaitzea aurreikusten da.

Aurrez aurreko laguntza eta  aurkezpena

Aurrez aurreko arreta Foru Ogasunaren hamar bulegoetan eta Aldundiaren Gertu bulegoetan eskaintzen da. Bulego horiek Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Mungian, Durangon eta Portugaleten daude. Arreta-ordutegia lanegunetan izango da, goizez eta arratsaldez, 8:30etatik 19:00etara. Guztira hamar bulegoetan 126 agente egongo dira zergadunei aurrez aurreko arreta eskaintzen.

Foru bulegoetara joateko aldez aurretik hitzordua eskatu behar da www.bizkaia.eus/renta webgunearen bidez edo Errenta 21eko aurretiko hitzorduaren telefonoaren bitartez, 94.406.66.00. Telefono horretan Ogasuneko langileek eskatzaileari jakinaraziko diote zer dokumentazio eraman beharko duten lehen bisitan aurkezpena osatu ahal izateko. Hitzordua eskatzeko epea apirilaren 1ean irekiko da.

Kontuan izan behar da aurrez aurreko laguntza, oro har, pertsona guztiei emango zaiela, Errenta-zerbitzuen gutunean jasotako eragiketa jakin batzuen bidez etekinak lortu dituzten aitorpen konplexuen kasuetan izan ezik.

Telefono bidezko laguntza eta aurkezpena

Errentaren telefonoan, 94.608.3000, 311 agente daude lanegunetan arreta eskaintzen, 08:30etatik 19:00etara, zergadunei zirriborroa berrikusten eta osatzen eta aitorpena aurkezten laguntzeko, bai eta aitorpena aurkeztearekin zerikusia duen edozein zalantza argitzeko ere. Ordutegi horretatik kanpo izapide errazak ere egin daitezke, nahitaez arreta pertsonalizatua behar ez dutenak eta sistema automatiko batekin egiten direnak.

Garrantzitsua da kontuan izatea zergadunak bere nortasuna egiaztatu behar duela telefonoz bere datu pertsonal edo ekonomikoen edukira sartzeko.  Identifikazio-prozeduran zergadunaren Bak gakoa edo bere errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliko dira.

Laguntza digitala eta aurkezpena

Izapidetze digitala aukeratzen duten zergadunek www.bizkaia.eus/renta webgunean eta Renta Bizkaia Errenta telefono mugikorretarako aplikazioan egin dezakete. Bi kasuetan beharrezkoa da identifikazio elektronikoko baliozko sistema batekin identifikatzea. Zergadunak horrelakorik ez badu bere Bak gako propioa sor dezake errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliz.

Bai webgunean, bai aplikazioan, zergadunek apirilaren 4tik aurrera izango dute beren zirriborrora sartzeko aukera, zirriborroa berrikusteko, behar izanez gero osatzeko, eta aitorpena aurkezteko.

Itzultzeko eta ingresatzeko epeak

Aitorpena aurkeztu ondoren, itzuli beharreko emaitza badu, zergadunak zazpi eguneko epean dagokion diru-sarrera jasoko du bere banku-kontuan, zergadunak aurkeztutako datuen eta Ogasunak dituen datuen artean desadostasunik ez badago.

Zirriborroa osorik duten eta itzuli beharreko emaitza duten pertsonek, zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egiten ez badute, automatikoki jasoko dute diru-sarrera uztaileko lehen egunetan, errenta-aitorpena aurkeztera behartuta egon ala ez.

Ingresatu beharreko emaitza duten aitorpenen kasuan (ogasunaren alde), emaitza zergadunaren banku-kontuan zordunduko da kanpaina amaitu ondoren, aitorpena aurkeztu den ala ez kontuan hartu gabe.

Errenta-aitorpena aurkezteko betebeharra.

Ogasunak gutun edo jakinarazpen elektronikoan jakinaraziko dio zergadun bakoitzari PFEZren aitorpena aurkeztu behar duen ala ez. Nolanahi ere, arau orokor gisa, ez dute aurkeztu behar lanaren etekin gordinak 14.000 euro edo gutxiago izan dituztenek. Ez eta laneko etekin gordinak urtean 14.000,01 eta 20.000 euro bitartekoak dituztenak ere, honako kasu hauetan izan ezik:

• Ordaintzaile bat baino gehiago izan denean eta bigarren ordaintzailearen eta gainerako ordaintzaileen kopuruen batura urtean 2.000 eurotik gorakoa denean.

• Aitortu beharreko urtean lan-kontratu bat baino gehiago izan denean.

• Elikagaiengatiko konpentsazio-pentsioak edo urteko kuotak jaso dituenean.

• PFEZaren Erregelamenduak ezartzen dituen beste kasuetako batean dagoenean.

Era berean, ez dute aitorpena aurkeztu beharrik kapitalaren etekin gordinak eta urtean guztira 1.600 euro baino gutxiago lortzen dituzten ondare-irabaziak lortu dituzten pertsonek.