Bilbao Bizkaia: 161 filmaketa 2021ean, 13,85 milioi euroko inpaktu ekonomikoarekin

0

2021ean, Bilbo eta Bizkaia eszenatokirik hautatuenetako bat bilakatu dira sektoreko nazioarteko ekoiztetxe handien ikus-entzunezko ekoizpenetarako. Horren lekuko dira Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Bilbao Bizkaia Film Commission-en jardueraren 2021eko balantze gisa aurkeztu dituzten datuak. Bi erakundeek ikus-entzunezko industrian sartzeko sortu zuten zerbitzu hori.

Lehen datu garrantzitsu gisa, joan den ekitaldian -pandemiak eragindako murrizketekin ere- 161 ekoizpenek Bilbo eta Bizkaia aukeratu zituzten film luzeak, telesailak, publizitate-iragarkiak, dokumentalak edo bideoklipak filmatzeko, besteak beste. Orain arte izan ditugun zifrarik altuenak dira ekoizpenen arloari dagokionez. Ikus-entzunezko ekoizpen horiek guztiek 598 filmaketa-egun izan zituzten guztira.

Horrezaz gainera, Bilbao Bizkaia Film Commissionek 232 ekoizpen artatu zituen.

ERAGIN EKONOMIKOA ETA OSPEA

2021ean egindako filmaketa horiek guztiek 13,85 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuten. Horrek esan nahi du % 6,4ko igoera izan dela pandemiaren aurreko 2018ko datuekin alderatuta. Horri dagokionez, Hiribilduan eta Lurraldean egindako filmaketekin loturik egon diren 1.186 kontratu sinatu ziren urte horretan. Zifra horiek indartu egiten dute Bilbao Bizkaiaren posizionamendua eta ospea, ikus-entzunezko ekoiztetxeen erreferentziazko eszenatoki gisa.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen 2021eko jardueraren balantzea «oso positibotzat» jo da; izan ere, datu kuantitatiboez gain, azken urteetan sektore horretan jadetsi den ospeari eta posizionamenduari esker, nazioarteko ikus-entzunezko plataforma handiek interesa erakustea eta Bilbora eta Bizkaira kalitate eta oihartzun handiagoko produktuak filmatzera etortzea erdietsi dugu.

NETFLIX edo AMAZON PRIME bezalako nazioarteko ekoiztetxeak dira beren ekoizpen handien eszenatokien aldeko apustu horren adibide, eta horrek hiriaren eta Lurraldearen irudia islatzen du nazioartean, mundu osoko ikus-entzunezko ekoiztetxeen aurrean jartzen dugun aurkezpen-gutuna baita.

  • Netflixen kasuan, 98 egunez hirian eta lurraldean filmatu du oso-osorik «Intimidad» deritzon telesaila. Zortzi kapitulu ditu, eta aktore ospetsuak parte hartzen dute bertan. Ondoko hauek dira, besteak beste: Itziar Ituño, Emma Suárez, Ana Wagner, Patricia López-Arnaiz, Verónica Echegui eta Yune Nogueiras.
  • Beste alde batetik, AMAZON PRIME bezalako plataformetako lanek ia bi milioi euro bildu dituzte, Bilbon eta Bizkaian filmatutako «García y García» eta «Descarrilados» bezalako film luzeekin.

Proiektu horiek eta euskal zinemaren kalitatea balioa ematen diote, mundu mailan, ikus-entzunezkoen industriaren lanbide-gaitasunari, tokiko esparruan garatzen den talentuari, bai eta Bilboko eta Bizkaiko sektore publiko eta pribatuaren arteko tokiko lankidetzaren sendotasunari eta garrantziari ere.

Horrezaz gainera, pandemiak ia bi urtez arlo guztiak baldintzatu ondorik, ikus-entzunezko edukien eskariaren hazkunde globalak, lehen aipatu ditugun plataforma digitalen arrakasta handiaren ondorioz, ikus-entzunezko kontsumoari buruzko eta audientzia berriak erakartzeari buruzko errekorrak ezartzen jarraitzen du.