Jokin Bildarratz Finlandiako Hezkuntza ministroarekin elkartu da Helsinkin

0

Hezkuntza-esperientzia berritzaileak ezagutzeko eta politikak partekatzeko aste honetan Estonia eta Finlandiara egiten ari den bidaiaren baitan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Li Andersson Finlandiako Hezkuntza ministroarekin bildu da gaur goizean.

Sailburuarekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak ere hartu dute parte bileran. Finlandiako ministerio-taldetik berriz, Jaana Palojärvi Nazioarteko Harremanetarako zuzendaria, eta Marjo Vesalainen eta Johanna Koponen izan dira, goi-mailako hezkuntzako eta nazioarteko harremanetako aholkulariak, hurrenez hurren.

Hezkuntza Ministerioak Helsinkin duen egoitzan burutu den bileran, bi hezkuntza-administrazioen (finlandiarra eta Euskadikoa) ardurako gaiak jorratu dituzte, hala nola irakasleen prestakuntzako programak, izan hasierako prestakuntzan, izan etengabeko prestakuntzan. Andersson ministroaren eskutik, Bildarratzek Finlandiako eskola-antolaketaren gakoak ezagutu ditu, hau da, Gobernuaren eta gainerako hezkuntza-erakundeen artean – eskolak, unibertsitateak, udalerriak edo Hezkuntza Agentzia Nazionala – dagoen antolamendu-harremana, eta horiek guztiak nola antolatzen diren ikasleen arrakasta akademikoa lortzeko. Ministerioko arduradunek, halaber, 2016ko curriculum-erreformen ondoren herrialdeak hartu duen hezkuntza-ikuspegia azaldu dute, ikasleen parte-hartzea sustatzeko eta ikasle bakoitza bere ikaskuntza-prozesuaren eta prozesu sozioemozionalaren protagonista izan dadin ahalbidetzeko.

Hezkuntza Agentzia Nazionala

Ministerioaren bilera horretan, Finlandiako Hezkuntza Agentzia Nazionaleko kontseilari Jorma Kauppinen ere parte-hartzaile izan da. Finlandiako Hezkuntza Ministerioaren mendeko erakunde honek funtsezko zeregina du herrialdeko hezkuntza-sistemaren eraketan. Haur Hezkuntzatik hasi eta goi-mailako Bigarren Hezkuntzaraino, curriculumaren diseinuaz eta garapenaz arduratzen da, eta aipatutako etapetako ikasketa-plan nazionalak atontzen ditu. Ikasleen eskola-emaitzen txostenak osatzeko ardura du, eta Finlandiaren nazioartekotzea sustatzen du. Aktiboki parte hartzen du herrialdeko hezkuntza-politikan, eta erabakiak hartzeko orientazioa eta gomendioak ematen ditu. Bere eginkizunen artean daude, era berean, irakasleen gaikuntza gehigarriko programak finantzatzea eta antolatzea.

Hezkuntza ministroarekin hitzordua egin aurretik, Bildarratzek ikastetxe bat bisitatu du goizean Helsinkin, eta bertan izan da Nasima Razmyar hiriburuko alkateorde eta Hezkuntza zinegotzia. Horrela, bertatik bertara ezagutu ahal izan du, ikasgela eta eskola-instalazioetan bertan, Finlandiako udalerriek hezkuntza-antolamenduan duten rola.

Finlandiako udalek inplikazio-maila handia dute beren udalerrietako hezkuntzan, beren eremuko haur guztien oinarrizko hezkuntza emateko ardura duten erakundeak baitira, kasu batzuetan Goi Mailako Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa barne, Helsinkin kasu. Araudian ezarritako helburuek eta ikasketa plan nazionalek gidatuta burutzen dute zeregin hori. Udalerri bakoitzak eskola-batzar bat du gutxienez, udalbatzak aukeratua.

Ikastetxera egindako bisitan, bertako zuzendaritza-taldearekin ikuspuntuak eta esperientziak trukatu eta aplikatzen dituzten berrikuntza-programak ezagutu ahal izan dituzte. Jätkäsaari Comprehensive School ikasleen arakatze-lanean oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza metodologia aplikatzen duen eskola bat da. “Phenomena phased school” deritzona. Horrela, ikastaroa gaikako ikaskuntzaren bost fasetan edo fenomenotan banatzen dute: Safe society; the world of cultures; thinking science; story time; eta nature challenge.

Eguerdian, Bildarratz sailburuak eta sailburuorde biek bilera izan dute Finlandiako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko parlamentari talde batekin.

Iparraldeko Karelia eskualdea

Datozen egunetan egingo diren bisitek eta hitzorduek tankera horretan jarraituko dute. Bihar, ostirala, Helsinki kanpoaldeko ikastetxe bat bisitatuko dute, Mattlidens Skola. Ikastetxe honek hezkuntza maila guztiak hartzen ditu: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, eta irakasleen prestakuntzaz ere arduratzen da. Ikaskuntza-ingurune irekiak eta aldakorrak eratzen ditu eskola honek, ikasleen gizarte-trebetasunak gara ditzaten, eta ikasleen parte-hartze handiagoa sustatzen du, beren ikaskuntza prozesuaren erantzukizuna beren gain har dezaten motibatuz.

Arratsaldean, euskal ordezkaritza Finlandiako Ipar Karelia eskualdera joango da. Bi egunetan zehar (ostirala eta larunbata), eta Joeensuu hirian, Iparraldeko Kareliako Eskualde Kontseiluarekin bilduko dira, edo Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea bisitatuko dute, besteak beste.