Bilboko Udal Txistulari Bandak kalera salto egingo du udaberriko kontzertu-denboraldiarekin

0

Euskalduna Jauregiko kontzertu-denboraldia amaitu ondoren, Bilboko Udal Txistulari Bandak kalera salto egingo du udaberriko kontzertu-denboraldiarekin eta dagoeneko finkatuta dagoen “Txistu Banda Auzoetan” programarekin.

Maiatzean eta ekainean Bilboko hainbat auzo bisitatuz eta girotuz Bilboko herritarrengana hurbiltzea helburu duen ekimena da.

Horretarako, Txistulari laukoteak musika-hitzorduez beteriko egutegia osatu du. Egitarauari maiatzaren 22an emango diote hasiera da Betolazan egingo den kalejirarekin eta ekainaren 23an amaituko da beste kalejira batekin San Frantzisko auzoan, Bilbo Zaharrean. Euskal erritmoak eta doinu tradizionalak oinarri hartuta, dozena bat emanaldi baino gehiago izango dira, espazio itxietako kontzertu tradizionalak eta auzoetako kalejira uztartuz.

Programazioa honako hau izango da:

    • Maiatzaren 22an, igandea: Betolaza, 12:00etan. KALEJIRA.

 

    • Maiatzaren 24an, asteartea: Santutxuko Udaltegia, 18:00etan. KONTZERTU TRADIZIONALA.

 

    • Maiatzaren 26an, osteguna: Deustuko Udaltegia, 18:00etan. KONTZERTU TRADIZIONALA.

 

    • Ekainaren 4an, larunbata: Basurto – Sabino Arana, 12:00etan. KALEJIRA.

 

    • Ekainaren 4an, larunbata: Altamira, 19:00etan. KALEJIRA.

 

    • Ekainaren 10ean, ostirala: Atxuri (Bilbo Zaharra Plaza), 20:00etan. “Dantzarako Musika” Aitor Furundarena eta Oinkari Dantza taldearekin. MUSIKAUZO 2022

 

    • Ekainaren 11n, larunbata: Irala, 19:00etan. KALEJIRA.

 

    • Ekainaren 23an, osteguna: San Frantzisko – Bilbo Zaharra. KALEJIRA.

 

Gogoratu beharra dago baita, programa honez gain, txistulariak Alde Zaharrean ere arituko direla kalejiran, maiatzaren 27 eta ekainaren 3, 11 eta 24an zehazki.

Era berean, aipatzekoa da Txistularien taldeak estreinatu berri duen udaberriko denboraldia eta igande honetan martxan jarriko duen «Txistu Banda Auzoetan» programa, zuzendari berriarekin egingo duela, Gorka Zabaletarekin hain zuzen ere. Musikari azkoitiarrak 2004tik 2022ra taldea zuzentzeko ardura izan duen Garikoitz Mendizabalen lekukoa hartu du.

Zabaletak Donostiako Musika Kontserbatorioan burutu zituen goi mailako musika ikasketak. Zenbait lehiaketan sariak lortu ostean 2003an postua lortu zuen Errenteriako Udal Txistu Bandan, ondoren 2004an, Bilboko Udal Bandan eskuratu zuen plaza.

Irakaskuntzaren arloan batez ere Azpeitiko Juan de Antxieta musika-eskolan aritu da irakasle 2000 urtetik 2013ra bitartean. 2010 urtetik 2015era txisturako musika eta ikerkuntzan espezializatutako Txistulari aldizkariaren zuzendaritza hartzen du bere gain.

Bakarlari gisa, Fernando Gonzalo organo-jolearekin elkarlanean, hainbat kontzertu eskaini izan ditu Donostiako Musika Hamabostaldian, Gipuzkoako Organo erromantikoaren zikloaren baitan, Malagako katedraleko organo zikloan etab. Horrez gain, Durangoko Silboberri elkartearentzat, Quodlibet hari-laukotearekin edota maite Villate piano-jolearekin batera, egile garaikideek txisturako idatzitako obrak estreinatu eta grabatu izan ditu. Bestelako txistulari eta dantza taldeetako partaide ere izan da, bestak beste: Azkoitiko Txalkor eta Azpeitiko Izarraitz txistulari taldeetakoa edota Itsasi eta Sahatsa euskal dantza taldeetakoa.