Orgia opera berria

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak prentsaurreko batean eman dute, gaur goizean, Arriagak 2022-2023 denboraldian eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri. Denboraldia 2022ko abuztutik 2023ko ekainera arte luzatuko da, bi hilabete horiek barne hartuz.

Gaur iragarritako berritasunak, dena den, irailaren erdialdetik aurrera etorriko denari buruzkoak dira, izan ere jada badakigu zein izango den udako eta Aste Nagusiko programazioko ikuskizun izarra: La Jaula de las Locas (abuztuaren 18tik irailaren 11ra), Broadwayko komedia musikal handia, Ángel Llacer eta Manu Guixek zuzendua, eta Llacer bera eta Iván Labanda protagonista dituena.

Juan Mari Aburtok berriro ere denboraldi oso bat aurkeztu dela azpimarratu nahi izan du, hain zuzen ere: “Pozgarria da ikustea Arriaga Antzokiak programazioaren erritmoari berriro heldu ahal izan diola. Pandemia osoan zehar eredugarria izan da Arriaga, irudimenez eta profesionaltasunez gainditu baititu oztopo guztiak, herritarrei oxigenoa Kultura gisa eskaini ahal izateko; eta, orain, beste behin ere, harrotasunez azaldu ditzakegu bere jardun ona eta datorren denboraldian aurkeztuko dituen proposamen artistikoen kalitatea, Bilboko Udalaren babes argiarekin. Bilboko Udala eta Arriaga Antzokia eskutik goaz gure apustuan: bertako talentua eta ekoizpena uztartzea, estatuko eta nazioarteko ikuskizun onenekin nahastuz”, adierazi du alkateak.

Izan ere, programazio berriak tokiko eszenari bultzada bat ematen jarraitzen du, Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko artistekiko konplizitatearen bidez; horrez gain, Espainiako Estatuan egiten den antzerkirik onena eskaintzen jarraitzen du, eta Arriaga Antzokiak nazioartean duen posizionamendu onari eusten dio. Arriagako agertokitik artista handiak pasatuko dira, eskainiko diren askotariko 86 proposamen sortzaile eta interesgarrien eskutik.

EKOIZPEN PROPIOA- MUSIKA

Ekoizpen berrien eszenaratzeak Arriaga Antzokiaren funtsezko zutabeetako bat izaten jarraituko du datorren denboraldian.

Ziurrenik, denboraldiko proiektu garrantzitsuenetako bat izango da urtebete barru denboraldiari amaiera emango diona, 2023ko ekainean ikusi ahal izango dena, hilaren 22an eta 24an. Orgia da, Pier Paolo Pasoliniren antzezlan zirraragarrian oinarritutako opera. Ganbera opera berri hau berariaz konposatu du Héctor Parrak oraingo honetarako, eta Calixto Bieito ikuskizunaren eszena zuzendariaren libretoa du.

Bilboko Arriaga Antzokiak, Bartzelonako Gran Teatre del Liceuk eta Peraladako Jaialdiak elkarrekin ekoitziko dute proposamen garaikide hau. Hiru abeslarirentzat eta lehen mailako talde instrumental batentzat sortu da, Parisko Ensemble Intercontemporain ospetsuarentzat, hain zuzen ere (1976an sortu zuen Pierre Boulez ek, konpositore handi, orkestra zuzendari eta intelektualak). Taldea aurretik ere egona da Arriaga Antzokian, 2000. urtean etorri baitzen, Bilboko fundazioaren urteurrena ospatzeko kontzertu batekin. Orain, luxu handia da taldea gurean izatea Orgia bezalako proiektu berezi baterako, non koltxoi musikala eskainiko baitiote azpimarra berezia merezi duten hiru ahots bakarlariri.

Ausrine Stundyte soprano lituaniar bikaina ezaguna da jada gure artean, besteak beste, Mendi-Mendiyan edo Erwartung obretan aurretik egindako emanaldi bikainak direla eta; duela gutxi arrakasta handia izan du Madrilen El ángel de fuego lanarekin. Hain zuzen ere, muntaia horretan, Orgiako bigarren solistarekin partekatu zuen agertokia, nazioarteko lirikan ospetsua den Leigh Melrose baritono ingelesarekin, zeinak aurretik ere lan egin baitu Bieitorekin. Eta hirugarrena Jone Martínez da, Arriaga Antzokiko beste ekoizpen batzuetan ere parte hartu duena, hala nola Vivaldi, poema para cuerda y dos voces obran, Bieitok berak zuzendu zuenean.

Arriaga Antzokiak beste hiru ikuskizun ekoitziko ditu eta, hiruretan ere, musika bikainak eta proposamen eszeniko interesgarriek bat egiten dute. Horren adibide da Moto – Membra Jesu Nostri, urriaren 14an ikusgai egongo dena. Obra Dietrich Buxtehudek 1680an konposatutako Membra Jesu Nostri kontzertuaren antzezpen bat da. Zazpi kantaten zikloa —Kristoren oinei, belaunei, eskuei, saihetsari, bularrari eta bihotzari eskainitakoa— Eneko Sagardoy aktoreak idatzitako eta interpretatutako testu batekin elkarrizketan arituko da, ustezko motor istripu batean betiko desagertzen den gizon bati eta geratzen den haren maitasunari buruz hitz eginez. Andoni Sierraren musika zuzendaritza bikaina eta Conductus Ensembleren soinua Lucía Astigarragaren eszena garaikide batekin uztartzen dira ikuskizun honetan.

2023ko otsailaren 2an, Siface: L’amor castrato kontzertu antzeztuak XVII. mendeko Europako bide eta eszenatokietan barrena eramango gaitu, eta baita Siface abeslari zikiratuaren emozio eta grinetan barrena ere, zeina bere zalgurdiaren oinean mendekuz hil baitzen, bizitzeko nahia izate hutsagatik, maitatu izanaren arrazoi bakarragatik. Ikuskizun honetan, Ane Pikazak (zuzendari artistikoak) alegiazko espazio bat planteatzen du, garai guztietan bizi izandako maitasunaren eta indarkeriaren denborazkotasun eza agerian jartzen duena; Nereydasek, Javier Ulises Illánek sortu eta zuzendutako taldeak, Filippo Mineccia kontratenorearen ahotsaren bidez, barneratu egingo gaitu XVII. mendeko abeslari zikiratu harrigarrienetako baten bizitza loriatsu eta, aldi berean, ilunean. Giovanni Francesco Grossi (1653 1697), Siface izenez ere ezaguna zen abeslariaren bizitzan murgilduko gara, Europan zehar arrakasta ugari lortu zituen eta historiara igaroko ziren operak estreinatu zituen abeslari zikiratuaren bizitzan.

Azkenik, Arriaga Antzokiak Alessandro Scarlattiren Cain, overo Il primo omicidio oratorio antzeztua ekoiztu eta eszenaratuko du 2023ko apirilaren 15ean. Musikagile barrokoek miretsi egiten zuten Scarlatti, ahots musikaren maisu eta konpositore handiena baitzen, poesiaren inflexioak musikaren bidez adierazteko zuen jeinutasunagatik. Bere ahots ekoizpen harrigarriaren artean (ia 600 kantata, 120 opera, 40 oratorio…), azpimarratzekoa da “Cain, overo Il primo omicidio”.

1707an idatzi zuen Kontrarreformako obra gisa, urte horretan Erromak guztiz debekatuak baitzituen antzezpen eszenikoak, aita santuaren dekretuz, baina Il primo omicidio behar bezalako opera bat da, eta Venezian estreinatu zen, 1707an. Scarlattik askotariko karaktereen eta afektuen paleta inprimatzen du musikalki pertsonaia bakoitzean, eta, horien bidez, diskurtso dramatikoa gure kulturaren lehen fratrizidiorako bidaia handi bihurtzen da, Kainek Abelen aurka egindako fratrizidioaren istorio biblikorakoa, alegia. Bere kontakizuna sexuz, krimenez, dramaz eta umorez beteta dago. Emozioak eta grinak kolorez eta xehetasunez betetako musikaz islatzen dira arietan.

Arriaga Antzokiaren ekoizpen propio honek Carlos Mena kontratenor ospetsuaren musika zuzendaritza eta Tatjana Gürbaçaren eszena zuzendaritza ditu. Alemaniarra State Theatre Mainz eko opera zuzendaria izan zen, eta nazioarteko puntako zuzendarietako bat da. Scarlattiren musika bakarlari bikainek (Sonia de Munck, Josu Cabrero, Ferran Albrich… eta baieztatzeke dauden beste batzuek) eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) interpretatuko dute.

Musikaren atalari dagokionez, Arriaga Antzokiak, Rubén Fdez. Aguirre maisuarekin koordinatuta, «Lied Arriagan» zikloa antolatu du datorren urterako, foyerrean egingo diren sei ahots- eta piano errezitalek osatzen dutena: Homenaje a Felip Pedrell, Joan Martín Royok eta Ruben Fdez. Aguirrek interpretatuko dutena (urtarrilak 17); Winterreise, Xavier Sabata eta Francisco Poyatoren eskutik (otsailak 14); Petite mort, Natalia Labourdette eta Victoria Guerrerorekin (martxoak 21); Spanische lieder, Vanessa Goikoetxea eta Rubén Fdez. Aguirrerekin (apirilak 18); Liederkreis op. 24 – Kerner lieder op. 35, Marina Pinchuk ekin, Aurelio Viribay pianistak lagunduta (maiatzak 23); eta Carneriana, David Alegret eta Rubén Fdez. Agirrerekin (ekainak 13).

Foyerrean ere, bere lekua izango du beste denboraldi batez Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak sustatutako “Literatura eta Musika Euskaraz” zikloak. 22/23an bost proposamen artistiko garatuko dira foyerreko giro goxo eta atseginean. Urriaren 17an hasiko da, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren Olatu arteko txalupa arraroa obrarekin; Joxan Goikoetxeak Hesia Urraturik kontzertua bultzatuko du, Xabier Leteren omenez (azaroaren 14an); urtarrilaren 23an Itziar Ugarte eta Iban Yañizen errezitala egongo da; otsailaren 20an Beira taldearen emanaldia; eta apirilaren 24an Iker Laurobak zikloaren azken errezitala eskainiko du.

Agertoki nagusira itzuliz, gogorarazi beharra dago Arriaga Antzokiak ABAOrekin batera ABAO Txiki Arriagan programan parte hartzen duela. Programa horren baitan lau ikuskizun izango dira: Historia de una semilla (urriak 22 eta 23), Cuento de Navidad (urtarrilaren 3tik 5era), Hansel & Gretel (martxoak 11 eta 12) eta Itsasotik (maiatzak 6 eta 7).

Halaber, Bilbaina Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak bultzatutako BJC Arriagan zikloa sei kontzerturen bidez gauzatuko da, eta aurrerago emango da horien berri.

ARRIAGA ZIGILUA DUEN ANTZERKIA

Pío Barojaren La lucha por la vida izango da antzerki ekoizpen propio handia. Ezinezkoa da Barojaren paisaiak eta deskribapenak irudi errealistan islatzea, baina idatzizko hitzek, eta antzerkian hitz egitean adierazitakoek eta bultzatutakoek, antzezleek durunditzen eta gorpuzten dituztenek, deitzeko eta iradokitzeko ahalmena dute, eta “dekoratu” bat baino askoz indartsuagoak dira.

Planteamendu horretatik abiatzen da José Ramón Fernándezen egokitzapen hau, eta euskal aktore talde bikain batek eszenaratuko du, Ramón Barearen zuzendaritzapean, 2023ko otsailaren 17tik 26ra bitartean, egun horietan zazpi emanaldi eskainiz. Itziar Lazkano, Ione Irazabal, María Cerezuela, Alfonso Torregrosa, Mikel Losada, Arnatz Puertas, Aitor Fernandino edo Ramón Barea bera dira antzezle horietako batzuk.

Antzerkiaren generoarekin jarraituz, Arriagak Faces izeneko ekoizpen propioa berreskuratuko du aurtengo urrian (19an eta 20an), pandemiaren ondorioz edukiera murriztuta zegoen garai batean estreinatu baitzen. Alex Gerediagak zuzentzen du, zeinak, bere estiloari leial, kode eszenikoak eta zinematografikoak harremanetan jartzen baititu. Galera, heldutasunaren onarpena eta, batez ere, maitasuna, alderdi ezkor eta esplizituenean, horiek dira John Cassavetesen filmean oinarritutako lan honetan antzezten diren gaiak.

Beste denboraldi batez, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Gasteizko Principal Antzokiak sustatutako «Nuevas dramaturgias/Antzerkigintza berriak» programan hautatutako proiektu bat ikusiko dugu agertokian. Martxoaren 15ean izango da hori, eta Galder Irustaren La celda sin noche ikusi ahal izango dugu, Mireia Gabilondok zuzentzen duena eta Kurdistango gatazkaren testuinguruan kokatzen dena.

Arriaga Antzokiak hainbat euskal sortzaile edo talderen beste sei antzezlanetan ere dihardu elkarlanean. Horrez gain, bost lan horiek Arriaga Antzokian estreinatuko dira.

Ordena kronologikoan, lehena Love & Money da, Pabellón 6-ek ekoitzitako euskarazko ikuskizuna. Dennis Kellyren jatorrizko lana, Idoia Barrondok itzulitakoa, urriaren 26an antzeztuko da Cécile Marquetteren zuzendaritzapean eta euskal antzezleekin.

Handik gutxira, azaroaren 4tik 6ra, Lear iritsiko da, Richard Sahagúnek William Shakespeareren “Lear Erregea” obraren inguruan egindako moldaketa librea. Azaroaren 24tik 26ra, Todas las hijas estreinatuko da, Gemma Martínezen proiektua, David Caiñak idatzitakoa eta Andrés Limak zuzendutakoa.

2023an, Iñaki Rikarteren Forever iritsiko da, urtarrilaren 28an Kulunka konpainiak estreinatuko duena, zeinak beti hunkitzen baikaitu bere keinu- eta maskara antzerkiarekin. Martxoaren 2tik 5era Alberto Iglesiasen Las que fueron silencio obraren emanaldiak eskainiko dira: antzerki omenaldi bat da, diktadura frankistan zehar haien askatasuna eta duintasuna lapurtuak izateko arriskuan izan zituzten emakumeei. Eta hilabete horretan bertan, hilaren 22an gaztelaniaz eta 23an euskaraz, Laviniaren txanda izango da, Kabia Teatro konpainiaren lan berria, Juana Lorrek egokitu, idatzi eta zuzendutakoa.

Azkenik, Arriaga Antzokiak Horman Poster kolektiboarekin elkarlana egiten du Souvenir, komeria extralurtarra antzezlanean, zeina azaroaren 10ean estreinatuko baita, euskaraz; eta baita Adriana Bilbao dantzari eta koreografoaren dantza proiektu hunkigarri batean ere, zeinak Zarra ikuskizuna bere aitona Telmo Zarra Athleticeko aurrelari ospetsuari eskaintzen baitio. Dantza, flamenkoa, futbolari lotutako kirol elementuak… mito zuri gorriaren kirol- eta giza arloko balioak goraipatzen dituen proposamen batean. Azaroaren 17an estreinatuko da ikuskizun hori.

EUSKO LABELAREKIN

Aurten ere,Arriaga Antzokia euskal kulturaren epizentro mailara igo da. Jada aipatu ditugun Arriagaren ekoizpen propioez gain, Euskadin fakturatutako proiektu askoren lehen antzezpenak izango ditugu agertoki honetan. Jada aipatu ditugu Love & Money, Lear, Todas las hijas, Forever, Las que fueron silencio, Lavinia, Souvenir eta Zarraren estreinaldiak, bada, horiez gain, beste lan gehiago emango dira argitara Arriagan.+

Adibidez, Gordo, basko y maricón, Mitxel Santamarinaren ikuskizuna, kontzertuaren eta bakarrizketaren artean dagoena. 2020ko apirilean programatuta egon zen, baina bertan behera utzi behar izan zen konfinamenduaren ondorioz. Azkenean, Arriagan estreinatuko da, otsailaren 7an eta 8an.

Beste estreinaldi bat Gontzal Mendibilen proiektu berriarena izango da, Hazia musikala izeneko musikala, Arrasateko eredu kooperatiboaren bultzatzaile izandako Jose María Arizmendiarrietaren bizitza eta egintzak laburbiltzen dituena. Hamaika musikari, sei kantari, 16 interpretatzaile, dantzari talde bat eta Easo Abesbatza arituko dira urriaren 1ean egingo den hitzorduan.

Antzerkira itzuliz, Arriagak honako emanaldi hauek ere eskainiko dizkie bere ikusleei: Abizena, Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarrirekin (urriak 2); Sexberdinak (urriak 3) eta Sexpiertos (urriak 4), Aitziber Garmendia eta Telmo Iruretarekin; Hondamendia (azaroak 20), Harkaitz Canorena, eta Ander Lipus aktoreen zerrendaren buru dela; Ez naiz Dublinen egon (urtarrilak 10) eta Nunca he estado en Dublín (11), Mireia Gabilondok zuzendua; Rey desnudo y chico muerto (martxoak 17), Pabellón 6 ko Gazte Konpainiarena; eta La verdadera historia de la muerte de Francisco Franco (apirilak 19), Alfonso Torregrosak antzeztua.

Bilboko agertokiak hiru ikuskizun eskainiko ditu 2023an Loraldia Jaialdiaren barruan: Suirrealismoa (martxoak 16) dantza, interakzioa, bideo sorkuntza eta musika uztartzen dituen ikuskizuna, Logela Multimediaren eta Circle of Trust zaragozarren eskutik; martxoaren 18an Benito Lertxundi, askatasunari eskainitako kontzertuan (Askatasunari); eta Galerna, azken bidaia (martxoak 19), itsasoari eskainitako kontzertu bat, Leioa Kantika Koralaren eskutik.

Eta egitarauak haurrentzako eta familientzako ikuskizun eder bat ezkutatzen du, musikatutako euskarazko ipuina, 3 urtetik aurrerako publiko guztientzako aproposa. Abenduaren 26an eskainiko da, Gabonetako garaian. Euskelelea izenburupean, Enrike Solinísen ideia eta jatorrizko musika tresnan oinarrituta dago, eta Juan Kruz Igerabide poetaren hitzetan. Doinu ederrak eta Euskal Barrokensemblek interpretatutako abesti tradizionalak entzungo dira, Irrimarraren ilustrazio ederrekin.

KALITATEZKO ANTZERKI GEHIAGO

Aipatutako euskal antzezlanez gain, Arriaga Antzokiak estatu mailan ekoizten ari denaren onena eskaintzen dio Bilbori, lehen mailako eskaintza osatuz. Datorren udan gure agertokira bisitaldia egingo duten aktoreen artean Carlos Sobera eta Elena Ballesteros daude, Miles gloriosus antzezlanarekin (irailaren 14tik 18ra); eta Miguel Rellán, Fran Perea eta Kira Miró, Harold Pinterren Retorno al hogar antzezlanarekin (irailaren 23an eta 24an).

Bi proposamen horien artean, irailaren 22an, Las bingueras de Eurípides antzezlanaren emanaldi bat eskainiko da, José Troncosok zuzendutako Las niñas de Cádiz taldearen ikuskizuna.

“Eskoletara itzultzearekin” batera, Antzokiko ikasturtea Marta Nieto eta Marina Salasekin abiatuko da, La infamia antzezlanarekin (urriak 7 eta 8); hilabete geroago, Juan Diego Botto etorriko da, zeina azaroaren 12an eta 13an itzuliko baita, Una noche sin luna obrarekin, aurreko denboraldian etorri zenean jende asko gogoz geratu baitzen pandemiaren murrizketen ondorioz edukiera murriztuta zegoelako.

Pablo Remónen Los farsantes programatutako beste obretako bat da, Javier Camara antzezleen artean duela, abenduaren 1etik 3ra. Gainera, Juan Echanove Arriagara itzuliko da abenduaren 15etik 18ra bitartean, Ser o no ser antzezlaneko aktoreen zerrendaren buru gisa.

2023an, Eusebio Poncela eta Igor Yebra ikusiko ditugu El beso de la mujer araña antzezlanean (urtarrilaren 6tik 8ra); Javier Gutiérrez Los santos inocentes antzezlaneko aktore zerrenda luzearen barruan (urtarrilaren 12tik 15era); edo Lectura fácil antzezlana (otsailak 4 eta 5), Cristina Moralesen eleberriaren egokitzapena dena, eta Alberto San Juanek egin eta zuzentzen duena.

Horrez gain, honako aktore hauen antzezpenez gozatzeko aukera izango dugu: Pere Arquillué, Paraíso perdido antzezlanean (martxoak 25); Ginés García Millán, Daniel Grao eta Daniel Albadalejo, Amistad antzezlanean (martxoaren 30etik apirilaren 1era); Gemma Matarranz Nevenka, Histrión Teatroren antzerki-proiektu berrian —bide batez esanda, María Goiricelaya bilbotarrak zuzentzen du— (apirilak 21 eta 22); Eduard Fernández Todas las canciones de amor antzezlanean (apirilak 28 eta 29); edo Carmelo Gómez eta Miguel Hermoso Las guerras de nuestros antepasados antzezlanean (maiatzaren 25etik 28ra).

DANTZA PROGRAMA ZORAGARRIA

Aurten ere, Arriaga Antzokiak dantza programa interesgarri eta askotarikoa prestatu du, ikuskizun oso desberdinekin eta dantzaren eta gorputz adierazpenaren mundura ikuspegi oso desberdinetatik hurbiltzen diren artistekin. Aurretik aipatu ditugu Zarraren estreinaldia eta Loraldiaren Suirrealismoa proposamena. Bi horiei beste sei proposamen gehitu behar dizkiegu.

Urriaren 6an, Iratxe Ansa eta Igor Bacovich Arriagara itzuliko dira beren CreAcción ikuskizuna aurkeztera: zorroztasun artistiko handiko ikuskizun bat da, esperientzia sentsorial bat eskaintzen duena. Hil horren amaieran bertan, 29an eta 30ean, María Pagés itzuliko da, eta bere konpainiaren buru gisa De Sheherezade interpretatuko du, bizitzaren eszenatokian dantza egiten duten, kantuan aritzen diren, pentsatzen duten eta erasotzen duten emakumeak erakusten dituen pieza.

Abenduaren 9an, Asier Zabaletaren zuzendaritzarekin eta koreografiarekin, Ertza Konpainiaren Moor krad iritsiko da Arriagara. Dantza garaikidea da ikuskizun honen lengoaia nagusia, fusioak eginez, besteak beste, krump edo tutting teknika berriekin, edo dantza urbanoarekin. Musikari dagokionez, John Dowland eta Henry Purcell konpositore barrokoen abestiak erabiltzen ditu, Iñar Sastre eta Marc Kanou musikarien elektronikaren bidez eguneratuta, eta Iosu Yereguik zuzenean kantatzen dituela.

Nazioarteko dantzak ere tokia izango du datorren denboraldian, izen handiko hiru konpainiari esker. Arriaga bisitatzen lehena, urtarrilaren 20an eta 21ean, Ballet du Grand Théâtre de Genève izango da, duela gutxitik Sidi Larbi Cherkaoui koreografo handia konpainiaren dantza zuzendari duena. Arriagara programa bikoitz batekin iritsiko dira: Faun/Ukiyo e. Bere kalitate zigilua argi eta garbi atzematen da. Faun memoria kolektiboan gordeta dugu, gure kontzientzia kulturaleko «Errusiar Balleten atalean», Claude Debussyren musikan oinarritutako Vaslav Nijinskyren koreografia mitikoa dela eta. Bertsio honetan, Cherkaouik alderdi mitologikoak eta aberezkoak indar askoz ere handiagoarekin aurkezten ditu.

Eta Genevako Antzoki Handiko Balletak interpretatzen duen bigarren obra Cherkaouiren beraren Ukiyo e da, dantzariak eskailera ezinezkoen egitura batean galtzen dituen pieza bat, non gorputzak elkarrengana batu, hitz egin eta kutsatzera deituak dauden. Arriagak sorkuntza berri honen estatu mailako estreinaldia eskainiko du.

Otsailaren 11n eta 12an Vancouverreko Ballet BC talde kanadarraren txanda izango da. Arriaga Antzokira egingo duen lehen bisitan Medhi Walerski zuzendariak, Nederlans Dans Theaterreko dantzari eta koreografo ohiak, saio hirukoitz benetan zirraragarria eskainiko du. Emanaldia Gardenekin hasten da. Walerskiren beraren pieza bat da, zeina Camille Saint-Saënsen Piano eta harietarako boskotean inspiratu baitzen, musika finaren eta dantzarien gorputz sentsualen arteko elkarrizketa liluragarria ahalbidetzen duen obra bat sortzeko.

The Statement lanean, bigarrenean, Crystal Pite koreografo kanadarrak dantza eta antzerkia nahasten dituen, eta botere gatazka arakatzen duen asmamen handiko sorkuntza proposatzen du. Azkena, ikusgarria, Sharon Eyal israeldarraren Bedroom Folk da, Gai Behar artistarekin batera egindakoa, Ori Lichtik artistaren musika elektronikoa eta hemezortzi dantzarirentzako koreografia dituena. Dantza hipnotikoa da, keinu aberats eta konplexuak dituena, musika iradokitzaile eta boteretsu baten doinuan.

Denboraldia ia amaitzear egongo denean, ekainaren 2an eta 3an, konpainia bat etorriko da, Hofesh Shechter Company, zeinak 2019an Arriaga Antzokian laudorio guztiak bildu baitzituen Grand finale ikuskizunarekin. Orain, Double Murder izenburuarekin, Hofesh Shechter nazioarteko izen handiko koreografoaren programa bikoitz berri eta zirraragarria eskainiko digute. Double Murderek bi pieza aurkeztuko ditu. Lehenengoa Clowns da, indarkeriarekiko dugun axolagabetasun gero eta handiagoari egindako keinu sarkastikoa, anarkia zurrunbilo koreografiatua, entretenimenduaren izenean noraino iristeko prest gauden probatzen duena. Eta Clownsen energia pozoitsu eta mingarriaren aurkako antidoto gisa, Shechterren The Fix sorkuntza berriak energia samur eta hauskorra ematen dio agertokiari. Une gordin eta errukitsua eskaintzen du egunero presionatzen gaituzten indar erasokorrak eta indarkeriazkoak orekatzeko. Indarkeria, samurtasuna eta itxaropena agerian geratzen dira Shechterren lente zinematografiko eta mingarriki ederraren bidez.

MOTA GUZTIETAKO KONTZERTUAK

Musikak beti du lehentasunezko lekua Arriaga Antzokiaren programazio guztietan, eta hala izango da ere datorren denboraldian. Proposamen lirikoei erreparatuz gero, interes handiko hitzorduak egongo dira ikusle melomanoentzat. Urriaren 16an, Opereta – Una noche en Viena kontzertuan, bi solista handi entzun ahal izango ditugu: Martina Serafin sopranoa eta Andreas Schager tenorra, Vienako Operan zein lirikaren eta operaren Europako etxe handietan ohikoak diren bi ahots. Emanaldi honetan Ruben Fdez. Aguirrerekin partekatuko dute eszenatokia.Azkenak aurreko denboraldian egin zuen debuta Vienako Staatsoper en pianista laguntzaile gisa. Elkarrekin, besteak beste Johann Strauss edo Franz Lehar jenio handien konposizioak bilduko dituen programa interpretatuko dute.

Bi aste ere igaro gabe, urriaren 27an, Fdez. Aguirre izango dugu berriro ere agertokian, oraingoan, pianoan Ermonela Jahori lagunduz. Albaniarra nazioarteko soprano handienetako bat da, eta 2021ean International Classical Music Awards for Vocal Music saria jaso zuen Anima Rara albumagatik. Bertan hainbat operatako ariak interpretatzen ditu, hala nola Pucciniren Madama Butterfly, Leoncavalloren La Bohème, Giordanoren Siberia, Mascagniren Lodoletta eta Verdiren La Traviata operetakoak.

Abenduaren 20an Eguberrietako musikak beteko du agertokia There is no rose kontzertuari esker, Basilio Astulezek zuzendutako Vocalia Taldearen eskutik. Programaren muina Benjamin Britten konpositore britainiarraren A Ceremony of Carols suitea da. Mesiasaren etorreraren aurrean bizitzari eta alaitasunari egindako kantua da, askotariko erritmoz, kanon biziz, melodia soilez eta nostalgia ukitu batez gauzatzen dena. Pieza enblematiko horri heltzean, osagai berriren batekin osatu nahi izan zuten eta, horregatik, Xabier Sarasola euskal konpositoreari proiektu honetarako berariaz idatzitako pieza bat eskatu zioten: Urtats elur. Sarasolak bere ikuspegi pertsonaletik lantzen ditu, bai Gabonetako musika, bai Euskal Herrian urte berriari ongietorria emateko erabiltzen diren tradizioak.

Mailarik goreneko beste kontzertu bat izango dugu bi egun geroago, abenduaren 22an. Bilboko ikusleek The Messiah (Händelen Mesias) bikaina dastatu ahal izango dute, musikaren historiako oratorio garrantzitsuenetako bat. Oraingoan, Iker Sánchez Silvak izango du batuta, eta BOSek eta Kup abesbatzak interpretatuko dute, Carlos Mena, Jone Martínez, Josu Cabrero eta Victor Cruzen ahots bakarlariekin.

Eta urtea amaitu aurretik, abenduaren 28an, Ainhoa Arteta sopranoak bere sustraietara, bere bizi ibilbidea osatu duen musikara egingo duen soinu bidaia batean murgilduko gaitu. Horretarako, euskarazko abestia hartuko du abiapuntu, eta abestian arrasto musikala utzi duten konpositoreengana hurbilduko da, Javier Carmena pianoan lagun duela.

2023ko otsailaren 3an Sandra Carrascoren ahots hegoaldetar, limurtzaile, ondu eta “jazzeatua” iritsiko da Arriagara. Abeslaria bere sustrai aflamenkatuenagatik da ezaguna batez ere, eta biluztasunean prestatu du, José María Cortina pianistarekin batera, ikuskizun minimalista eta klasikoa, boleroarekiko eta tangoarekiko benetako maitasun adierazpena dena.

Gainera, foyerrean bi errezital egongo dira. Antonio Oyarzabal pianistak La Muse oubliée joko du, Karmele Larrinaga aktorearekin batera (martxoak 7); eta Carmen Romeuk eta Albert Nietok (martxoak 29) Victoria de los Ángeles Espainiako betiko ahots handienetako bati omenaldia egingo diote Canta un ángel kontzertuan.

Pop ari, rock ari eta deribatuei gehien atxikitako kontzertuen atalean, honako hau da programazioa: Jorge Drexler (abenduak 4), Soweto Gospel Choir (abenduak 6), Korrontzi (abenduak 11), Ólafur Arnalds (abenduak 12) eta Amazing Grace 50th – A góspel celebration to Aretha Franklin (abenduak 19).

HIRU ALTXOR

Proposamen bitxi eta erakargarria bat dugu: Safo, musika eta antzerkia nahasten dituena, Christina Rosenvinge, Marta Pazos eta María Folgueraren artean sortutakoa. Hiru sortzaileek, Espainiako eszena garaikidean erreferentzia direnek, olerki musikal, bisual eta eszeniko bat daramate oholtza gainera, iraganaren eta orainaren artean antzinate klasikoko poeta baten irudira hurbiltzen gaituen jolas metateatral bat. Marta Pazosek zuzentzen du proposamena; muntaia honetako konposizio musikalak konposatzeaz eta zuzenean interpretatzeaz Christina Rosenvinge arduratzen da; eta, testuez, María Folguera arduratu da, Saforen poemetan inspiratuz. Arriagan abenduaren 10ean.

Magiak ere bere lekua izango du Arriaga Antzokian. 2022. urterako amaiera ezin hobea izango da, izan ere, abenduaren 29an eta 30ean Mag Lari prestigiotsuak —magian eta ilusionismoan 30 urte baino gehiagoko ibilbidea duen erreferenteak—, Mag Lari live ikuskizuna eskainiko du. Bere ospea, neurri batean, Javier Cardenas, Andreu Buenafuente, Manel Fuentes edo Carlos Soberarekin telebistan egindako parte hartzeei zor zaio. Gaur egun, Mag Larik Netflix eko «Magic for Humans» saioa zuzendu du, eta baita Pop Magoaren «Nada es imposible» ikuskizuna ere.

Azkenik, aurkezpenik behar ez duen izenburu bat: Cantando Bajo la Lluvia. Inoiz egin den film musikal onenetako bat. Hollywoodeko zinema soinudunaren agerpenean girotutako maitasun istorio honek 20ko hamarkadako dotoretasun formal eta estetiko osoa erakusten du. Komedia musikal bat da, keinu zinemazalez, umorez eta sentsibilitatez josia, dantza saio ikusgarriekin. Arriaga Antzokian maiatzaren 11tik 21era bitartean izango dugu musikal handi hau, eta Bartzelonan arrakasta handia izatearen bermearekin iritsiko da Bilbora. Àngel Llàcer eta Manu Guix dira Cantando bajo la lluvia hau zuzentzen dutenak. Ikusleek, beraz, tandem honek bultzatutako bi musikal handiz gozatzeko aukera izango dute denboraldi berean. Bestea La Jaula de las Locas da.

SARRERAK SALGAI IZANGO DIRA EKAINAREN 29AN

2022-2023 denboraldiko ikuskizun guztietarako sarrerak (La Jaula de las Locasekoak izan ezik, dagoeneko salgai baitaude) ekainaren 29tik aurrera egongo dira eskuragarri, ohiko bideetan: www.teatroarriaga.eus webgunean edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Ikusi hemen datozen ikuskizunak, kronologikoki ordenatutawww.teatroarriaga.eus