Lehendakariak bizikidetza berriaren aldeko apustua berretsi du Biktimologiaren Munduko Elkartearen Nazioarteko 17. sinposioaren inaugurazioan

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratu du, gaur goizean, Munduko Biktimologia Elkartearen Nazioarteko 17. sinposioa, Donostiako Kursaal Jauregian, ‘Biktimizazioa mundu digital batean: biktimekin erantzunez eta konektatuz’ izenburupean.

2022an, sinposio hau, nazioartekoa eta diziplinartekoa, mundu digital bateko biktimizazio-prozesuen identifikazioan, prebentzioan, ikerketan eta erantzun psikologiko eta sozio-juridikoetan oinarrituko da. Ziberbiktimizazio-modu ezberdinekin batera, gai klasiko eta garaikideak jorratuko dira, eta horrela, Biktimologian, mundu digitalean edo giza eskubideetan interesa duen edozein pertsona ongietorria izango da hiru urtez behin ospatzen den topaketa honetara.

Mende erdia indarkeria eta terrorismoa jasaten eman ondoren, Lehendakariak azpimarratu du, duela ia hamaika urte ETAren amaierak eta duela lau urte behin betiko desegiteak, bizikidetza berri baten aldeko apustua berrestea ahalbidetu dutela. “Jasandako indarkeria-esperientziaren ondoren, bizikidetza berri batean aurrera egiteko beharra sentitzen dugu, biktimei zor diegula sentitzen dugu, geure buruari zor diogula gizarte gisa”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak Udaberri 2024 Plana jarri du martxan, “indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan eta giza eskubideen defentsa aktiboan, babesean eta berme eraginkorrean ainguratutako plana”. “Gure erabakia “pertsona guztientzako eskubide guztiak” bermatzea da”, adierazi du Urkulluk.

Era berean, Lehendakariak Euskadin lantzen ari den Justizia Errestauratiboaren Estrategia aipatu du, gatazkak konpontzeko kultura berri bat sortzea bilatzen duen estrategia. “Biktimen errestaurazio integralean fokua jarriko duen kultura bat. Kaltea konpontzen eta sendatzen lagunduko duena. Biktimarioa eraldatzen ere lagunduko duena. Kultura berri bat Bizikidetzaren eta Bakearen zerbitzura”, azaldu du Urkulluk.

Sinposioan landuko den “Biktimizazioa mundu digital baten” gaiarekin lotuta, Lehendakariak adierazi du aro digitalak aukerak eta arriskuak eskaintzen dituela arlo horretan. Alde batetik, biktimak erdigunean jartzeko aukera, biktima guztiak, eta egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta berriro ez gertatzeko eskubidea  bermatzeko. Eta bestetik, ez onartzeko edo ez aplikatzeko arriskua. “Gaur haizeak kontra jotzen duela dirudien arren, mundu justuagoa, gizatiarragoa eta jasangarriagoa posible da. Eta, helburu hori, neurri txiki edo handi batean, gure esku dago”, amaitu du Lehendakariak.

Sinposio hau ekainaren 5etik 9ra egingo da, eta diziplina eta jatorri askotako profesionalak, ikertzaileak, politika-kudeatzaileak, teknikariak, ikasleak, ekintzaileak eta boluntarioak bilduko ditu. Aldi berean, egunero jarduera artistiko irekia programatu da Carlos Santamaría Zentroko Antonio Beristain auditorioan, UPV/EHUk Ibaetan duen campusean.