Lanbidek 17,1 milioiko diru laguntza bideratuko du kolektibo hauen enplegua sustatzeko: gazteak, desgaitasunik duten pertsonak eta iraupen luzeko langabeak

0
  • Gaur, Administrazio Kontseiluak bost laguntza-deialdi onartu ditu, kolektibo kalteberen enplegagarritasuna sustatzeko

Gaur, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 17,1 milioi euroko laguntza-programen deialdia onartu du. Programek hauxe dute xede: hainbat proiektu abian jartzea; gazteen, desgaitasunik duten pertsonen eta iraupen luzeko langabeen enplegua sustatzeko.

Ohiko bileran, Kontseiluak 6,5 milioi euroko laguntza-deialdia onartu du, toki-erakundeek gazteak kontratatu ditzaten (FSE Plus programaren esparruan). Toki-erakundeei zuzendutako laguntzak dira, gazteak kontratatu ditzaten. Gazte horiek LANBIDEn eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon behar dute; 16 eta 30 urte bitartekoak; eta langabetuak. Aipatu laguntzen bidez, gazteek lan-esperientzia eskuratuko dute; eta, beraz, enplegagarritasuna hobetu. Kontratuak lanaldi osokoak izango dira; eta 8 eta 12 hilabete arteko iraupenekoak. Halaber, gazteak egin beharreko lanak bat etorri behar du bere kualifikazio-mailarekin. Iaz, programa horri esker, 33 erakundek 208 pertsona kontratatu zituzten (4,1 milioi euro guztira). Aurten, berriz, espero da 350 kontratu finantzatzea, 55 udalerritan.

Era berean, gazteentzako bigarren deialdi bat onartu da: HEZIBI programa (prestakuntza eta lana uztartzen dituena). HEZIBIZIk xede ditu lanbide-heziketako ikasleak eta gazte langabetuak. Helburua da horiek lanbide-gaitasunak hobetu ditzaten. Horretarako, gazteek profesionaltasun-ziurtagiri bat lortuko dute, enpresan ordaindutako jarduerak egin bitartean. Horrela, bat etorriko dira bai enpresen beharrak, bai eta langileek eskuratutako gaitasunak ere. 2021ean (COVID-ek enpresetan izandako eragina zela-eta), kontratu hauek finantziatu ziren: 690 (prestakuntza-zikloen modalitatean), eta 5 (profesionaltasun-ziurtagirienak. Orotara, 1,3 milioi euroko laguntza izan zen. 2022rako, berriz, 3 milioi euroko zuzkidura izango da. Eta espero da, gutxienez, 1.250 kontratu izatea.

Bestalde, Enplegu lagundua izenekoak 1,2 milioiko zuzkidura jaso du. Laguntzak xede du lan-merkatu arruntean hurrengo kolektiboak txertatzea (edo enpleguari eustea): % 33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala, gaixotasun mentala edo garun-paralisia duten pertsonak; % 65eko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak; eta % 33ko edo gorako entzumen-desgaitasuna duten pertsonak. Hauek langabezian egon behar dute; edo, bestela, igarotze-prozesuan (Enplegu Zentro Berezitik lan-merkatu arruntera). 2021ean, milioi bat euroko zuzkidura esleitu zen. Aurtengo deialdian, berriz, espero da Enplegu lagunduko 9 erakundek egindako eskaerei erantzutea. Eta, gutxienez, hauxe aurreikusten da: 65 pertsona enplegu arruntean sartzea; 175en jarraipena bermatzea; eta 1.300 enpresekin elkarreraginean aritzea.

Onartutako beste deialdiak xede du 30 urtetik gorako iraupen luzeko langabetuak kontratatzea. Orotara, 1,4 milioi euroko zuzkidura du. Lan-kontratuak mugagabea edo aldi baterakoa izan behar du; gutxienez, 6 hilabetekoa; eta lanaldi osoko edo partzialekoa (gutxienez, % 70ekoa). Hainbat kasutan laguntzen zenbatekoa handitu egingo da: kontratatutakoak 45 urte edo gehiago baditu; emakumea bada; edo 2021ean ala 2022an LANBIDEn kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza-ekintza bat amaitu badu. Iaz, 40 gizon kontratatu zituzten (% 47 ziren 45 urtetik gorakoak), eta 30 emakume (% 46k adin hori gainditzen zuten). Orotara, 586.600 euroko diru-laguntzak eman ziren. Aurtengo aurrekontu-zuzkidurarekin, berriz, espero da 195 pertsona kontratatzea.

Azkenik, Lanbideren Administrazio Kontseiluak 5 milioi euroko zuzkidura ere onartu du. Laguntzek helburu dute proiektu bereziak garatzea (gizarteratzeko eta gizarte- eta lan-berrikuntzarako). Eta kolektibo hauek ditu xede: lana lortzeko edota mantentzeko zailtasunak dituzten langile landunak zein langabetuak.