Aresarrek guztiz euskalduna den ibilgailu elektrikoaren lehen prototipoa garatu du

0

Aresar ibilgailu komertzial arinen sektorean espezializatutako enpresa batetik sortu zen, eta 25 urte baino gehiago daramatza merkatuan, zehazki hiri-zerbitzuetarako ibilgailu osagarriak eskaintzen. Azken urte hauetan, Zornotzan egoitza duen konpainia honek bere ekoizpen propioko lehen ibilgailuaren garapenean lan egin du. Luis Baelo Aresarreko marketin zuzendariak dioen bezala, “iraunkortasunaren aldeko gure apustua nabarmena da. Ibilgailuak zero emisio sortzen ditu, eta, gainera, hura osatzen duten materialak birziklagarriak dira. % 100 ekologikoa eta eraginkorra da”. Automobil hori hiri-zerbitzuetarako eta logistikako eta banaketako enpresetarako bideratuko da. 

Ibilgailu berria ‘Aresar J14’ deituko da, eta lau urte daramatza ikerketa- eta garapen-prozesuan. Enpresak bere PowerTrain propioan lan egin du, energia sortzen duten eta desplazamendu bihurtzen duten ibilgailu baten osagaien multzoa hain zuzen ere, eta kanpoko marka baten txasis bat elektrifikatzeko erabili du, ‘Aresar R14’ izenekoa. 

Ingurumen-araudi berrietara erabat egokitutako ibilgailua da, bateria-sistema aurreratua du eta ibilgailu-tipologia horren eskakizunetarako autonomia nabarmena du. Azpimarratzekoa da, halaber, garapen hori Euskadin egin dela oso-osorik, eta era berean fabrikatuko dela. “Euskadiko automobilgintzako industria-sarea oso garatuta dago, eta, horri esker, anbizio  handiko tokiko plan hau gara dezakegu. Horrela, 24 ordu baino gutxiagoan ibilgailua osatzen duten piezen % 95 ordezko piezetarako eskaini ahal izango dugu”, Luis Baelok nabarmendu duenez. 

Ibilgailua 2023an aurkeztuko da fisikoki, ikusi eta probatu ahal izango diren prototipoekin. Ondoren, 2024ko urtarrilean fabrikatzen hasiko dira, urte horretan bertan merkaturatzeko helburuarekin. Gaur egun, zazpi profesionalek osatzen dute Aresarreko plantilla, baina egun horretarako 40 langile izatea aurreikusten du enpresak. Etorkizuneko plan gisa, “Aresar etengabe ariko da ikertzen. Negozio-unitate berrietarako ibilgailu-garapen eta -merkaturatze berriak aurreikusi dira. Aurreikuspenen arabera, 2027an ibilgailu berri horren eta garapenean dauden beste batzuen 1.000 unitate fabrikatzea espero dugu”, marketin-zuzendariak adierazi duenez.  

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.