Bilboko alkateak Euskararen Aholku Batzordearen urteko bigarren bilkuran parte hartu du

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Euskararen Aholku Batzordearen urteko bigarren bilkuran parte hartu du, Bilboko Udaletxean, batzordeburu moduan.

Bilera horretan parte hartu dute, baita, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Udaleko sail batzuetako ordezkariek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek ere. Kulturaren eta gizartearen arloetako eragileen ordezkariak ere kide dira Aholku Batzorde horretan, hala nola Euskaltzaindia, Labayru Fundazioa, Uztarri Kultur Elkartea, Zenbat Gara elkartea, Bilboko Euskaltegiak, Ahletic Club, Bibao Dendak, kazetariak eta idazleak.

2022ko Ibilaldiaren antolatzaileek maiatzaren 29an egin zen ekitaldiaren balorazioa eta balantzea egin dute, Euskaraldiko arduradunek aurtengo ediziorako proiektua aurkeztu dute eta Soziolinguistikako Klusterreko kideek Bilboko euskara-erabileraren egoerari buruzko azterlanaren emaitzak ezagutarazi dituzte.

Neurketa hori 5 urtean behin egiten da, Bilboko kaleetan oinezkoek zer hizkuntza erabiltzen duten ikusteko – galderarik eta interpelaziorik gabe – entzuteko metodologia erabiliz. Bilbori buruzko azterlanaren ondorio nagusiak honako hauek dira:

    • Azken bost urteetan, euskararen erabilerak gora egin du Bilboko kaleetan (2016an % 2,5ekoa zen eta 2021ean % 3,5ekoa). Horrela, 2016ra arteko beheranzko joera eten da.

 

    • Emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute euskara. Horixe da Euskadiko joera orokorra ere.

 

    • Joera orokorrarekin bat etorriz, neskato-mutikoak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak, eta adinekoak gutxien. Helduen artean, ordea, euskararen erabilera gazteenen erabileraren aurretik dago. Gazteen erabilerak beheranzko joera hartu du. Hala ere, modu positiboan interpretatzen da parekoen arteko harremanetan neskato-mutikoek gero eta gehiago erabiltzea euskara.

 

    • Barruti gehienetan euskararen erabilera egonkor mantendu da azken bost urteetan. Begoñako, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako kaleetan, ordea, gora egin du.

 

    • Barrutiei dagokienez, Abandon, Begoñan eta Ibaiondon hitz egiten da eta entzuten da euskara gehien. Ondoren, Deustu, Uribarri, Basurtu-Zorrotza eta Otxarkoaga-Txurdinaga daude. Errekaldeko kaleetan entzun da euskara gutxien.

 

    • Oro har, Bilbon euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntza batzuen presentzia nabarmentzen da. Hiriguneek ezaugarri bereziak dituzte, atzerritar jatorriko biztanleen bizileku izateaz gain, turismoaren helmuga ere izaten direlako. Egia esan, gaurko gizartea ez da duela hogeita hamar urteko gizartea bezalakoa. Bilbo XXI. mendeko hiri dinamikoa da, nazioartean eragina duena. Globalizazioa gizarte-eraldaketa sakon eta azkarra eragiten ari da. Lurraldeen arteko mugikortasuna erraztu eta zabaldu da, eta horrek kulturen arteko harremanak areagotzea eta garatzea ekarri du. Azken hamarkadotan eta urteetan Bilbo asko aldatu da (sozialki, ekonomikoki, kulturalki). Horrek guztiak erronka berriak jartzen dizkio euskara biziberritzeko prozesuari.

 

EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA

Bilboko Udalak 2016ko otsailaren 3an jarri zuen abian Euskararen Aholku Batzordea, hizkuntza gaietako aholku eta eztabaida organo moduan, urian euskararen ezagutza eta erabilera gehitzeko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta Bilbon euskara sustatzeko eta normalizatzeko interesa duten pertsonak eta entitateak elkartzeko eta parte hartzeko foro izateko.

SARE SOZIALAK: