Zarauzko Udalak Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearekin (Udalsarea 2030) duen konpromisoa berritu du

0

Zarauzko Udalak Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearekin daukan akordioa berritzeko erabakia hartu du aho batez. Akordio honen xedea tokiko jasangarritasuna Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen bidez Euskadin bultzatzera zuzendutako kooperazio- eta lankidetza-esparrua ezartzea da.

Zarauzko Udalak udalerri jasangarrien sare hau 2002an sortu zen unetik darama garapen jasangarria bultzatzen. Orain, 2030 Plan Estrategikoaren markoan, Udalak Udalsarea 2030ekin duen konpromisoa berresten du eta bat egiten du Euskadiko tokiko jasangarritasunaren aldeko esparru arautzaile berri honekin.

Herriko eragileekin elkarlanean

Bide honetan, Zarauzko Udalak herriko eragileekin elkarlanean jarraitzen du Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren baitan dauden helburuak betetzeko sinergiak bilatuz. Honela, ekainean, herriko sei ikastetxerekin aliantza hitzarmenak sinatu zituen Udalak, Plan Estrategikoak dituen erronkekin bat egiteko. Orain, Zarauzko Monte Albertia erdi eta goi mailako heziketa zentroak ere bat egin du konpromiso honekin, Udalarekin batera aliantza-hitzarmen hau sinatuz eta “bidelagun” bilakatuz.

“Laster Zarautz 2030 Plan Estrategikoari onespena emango zaio eta, honekin batera, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlan-hitzarmenak sinatzen jarraituko dugu, denok batera etorkizuneko Zarautz jasangarriago baten bila lanean jarrai dezagun”, adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Plan Estrategikoaren zinegotzi arduradunak.