«Itsasotik», Musika Hamabostaldiaren ekoizpena

0

Gaur Victoria Eugenia Antzokiko eszenatokira iritsiko da Itsasotik haurren ikuskizuna, haurrentzako eta familiarteko publikoarentzat Musika Hamabostaldiak ekoitzitako lan berria. Muntaia honek 2020 eta 2021eko Hamabostaldian estreinatutako Árbolaré eta Hirira ikuskizunen ildoa jarraitzen du, horiek ere Musika Hamabostaldiaren ekoizpenak.

Musika Hamabostaldiak haur zein familientzako ikuskizunak ekoizteko ez ezik, arlo orotan haurrek garatutakoak diren ikuskizunak ekoizteko asmotik sortua da Itsasotik; alor artistikoaz gain, gizarte, kultur eta jasangarritasun gaiak aintzat hartzen dituzten ikuskizunak, alegia. Haurrek haurrentzat egindako musika ikuskizunak sustatzea da helburua, haiei erakargarri zaizkienak eta artearekin eta bizi diren gizartearekin lotura sortzeko gai direnak.

Baldintza horiek oinarri hartuta, Itsasotik proiektua sorkuntzaren, ekologiaren eta gizartearen jasangarritasuna oinarri dituen haurrentzako antzerki eta musika ikuskizun bat sortzeko asmotik sortzen da. Baliabide materialak murrizteko, material birziklatuak edo bigarren eskukoak erabili dira eszenografia guztian, baita jantzietan eta atrezzoan ere. Honela, materialon balio-bizitza luzatzeaz gain, parte hartzen duten haurren eta ikusleen sormena ere bultzatzen da.

Gorka Mirandak zuzendu du proiektua eta Mafalda Saloio izan da zuzendari artistikoa eta eszenikoa lan berri honetan. Easo Abesbatzako eta Aila Laredo koruko haurrek Roger Calmel konpositorearen Les chants de la mer (“Itsasoaren kantak”) partituraren gainean lan egin dute. Ipuin musikalak itsasoa maite duen neskatilaren istorioa kontatzen du. Egun batean marinel batzuek jasotzen dute, eta neska uretara erortzean arrain erraldoi batek irentsi eta hondartza batera eramaten du. Hondartza horretatik, itsas hegazti batzuek bizirik gabeko hiri gris batera gidatzen dute neska. Han izarrak konpontzen dituen mutikoa topatuko du, eta elkarrekin hiritarren “bihotzak aldatzeko” zereginean murgilduko dira.

Proiektuaren musika zuzendaritzaz David de Oliveira arduratu da eta musika ondokoek interpretatuko dute: David de Oliveira bera (pianoa), Lorea Lopez (sopranoa), Urko Irigoien (tiplea), Ines Legarda eta Iraide Urbistondo (sopranoak), Enara Lardizabal, Alain Sánchez eta Ainhoa Tabuyo (narratzaileak), besteak beste. Abesbatzari dagokionez, Enola Arruebarrenak zuzentzen dituen Easo Eskolaniak eta Easo Gazte Abesbatzak Coral Aila Laredo, Samara Oruñak zuzentzen duena, izan du lankide.

Roger Calmel egilearen jatorrizko testuen planteamendua abiapuntutzat hartuta sortu du Marta Garcíak testu berria.

Sorkuntza eszenikoaren prozesua bi hilabetean zehar egindako entseguetan burutu dute Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzetako 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek, eta Coral Aila Laredo batu zaizkie azken fasean. Keinua, irudia, objektuak eta taldekako mugimendua izan dira eszenak sortzeko oinarrizko elementuak. Horrela, lan artistiko zein pedagogikoaren bidez (bat-batekotasuna lantzeko teknikak, clown teknika, objektuen erabilera, jolasak eta abar), kantua poetikarekin zein bizitzarekin lotutako antzezpen mugimenduarekin uztartzeko esperientzian oinarritutako sorkuntza prozesua burutu dute kantariek. Ikuskizunaren eszenografia prestatzeko Mafalda Saloio izan dute zuzendari.

Proposamen artistiko eta eszeniko honek, kantuaren, dantzaren, ahotsaren eta zirrararen bidez, sormena, mezu soziala eta ingurumen-iraunkortasuna bat egiten dituen istorioa kontatzen du. Horretarako, Emaús Fundazioaren laguntza izan du. Emaúsek funtsezko hiru zutabe ditu: ekonomia solidarioa eta zirkularra, gizarteratzea eta ingurumena zaintzea. Biak bat eginda, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonekin partekatutako tailerrak egiteko ideia sortu zen. Antzezlanerako beharrezkoak diren elementu eszenikoak eta jantziak sortuz, lotura komunitario berriak egin dira.

Hala, eszenografia osatzen duten elementuak eraikitzeko Gema Poncela eta Emaús Fundazioa lankide izan ditugu; jantzien sorkuntza eta lanketa Pascal Roberten lankidetzarekin egin da; Emaús taldearen koordinatzailea Arantxa Suberdiola izan da eta ikuskizunaren argiztapenaz Alaine Arzoz arduratu da. Hauek dira Emaúseko taldea osatzen duten pertsonak: Yonatan Mora, Marije Barandiaran, Jon Echevarria, Vicky Mateos, José Bakwa, Roberto Huelga, Iñaki Huici, Justina Onvogo Alo Onvogo, Belén Peón, Marian Morales, Aslaouí Charef, Ignacio Moracho, Pedro León, Manolo González eta Gabriel Múgica.

Ikuskizun honek Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa du.