«Zinema airean» ekimena bueltan da, Gasteizen

0

Hilaren 12an berrartuko dute zinema eskaintza, eta Juanma Bajo Ulloa hiritarraren Baby (2021) emango dute, Armentiako Kanpeetan, 21:30ean: Haurdun dagoen emakume drogazale gazte bat bere krisialdietako batean erdituko da. Umeaz arduratzeko gai ez denez, umeen trafikoan aritzen den emagin bati salduko dio. Damututa, gaztea berreskuratzen saiatuko da.

Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek soinu banda onenaren errekonozimendua jaso zuten Nantesko Zinema Espainiarraren Jaialdian, eta filma ekitaldiko lan onena ere izendatu zuten.

Gasteizko fikziozko auzo batean bizi den familia baten istorioa ezagutzeko aukera izango dute Iparraldeko Parkera bertaratzen direnek, abuztuaren 19an. 21:30etik aurrera, David Perez Sañudok zuzendutako Ane (2020) filma egongo da ikusgai. Thriller generoaren elementuekin gorpuztutako drama bat da, 2009an euskal gizartean oso presente egon ziren AHTaren aurkako ekintzen testuinguruan girotutakoa. Lide eta Ane ama-alaben arteko harremana du oinarri ikus-entzunezkoak.

Donostia Zinemaldian Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eskuratuz hasi zuen ibilbidea, eta Gasteizen bertan ospatu zuten Euskal Zinemaren 37. Asteko garaikur nagusia lortu zuen. 2020ko Goya sarietan hiru errekonozimendu lortu zituen: Patricia López Arnaizek emakumezko aktore protagonista onenarena jaso zuen, Jone Laspiurrek emakumezko aktore berri onenaren kategorian lortu zuen, eta Perez Sañudok berak eta Marina Parés Pulidok egokitutako gidoi onenaren aintzatespena jaso zuten.

Hilaren 26an, aldiz, 1985eko lan bat berreskuratuko dute: Young Sherlock Holmes (Barry Levinson). Sherlock Holmes detektibe gaztea izango du protagonista, eta hilketa misteriotsu batzuk argitzen saiatu beharko da, Watson lagunarekin batera. 21:15ean hasiko dute saioa.

Hurrengo egunean, ordu eta toki berean, 2021eko udan film ikusienen artean egon zen A todo tren. Destino Asturias (Santiago Segura) proiektatuko dute: Bere semearen zaintza lanetara emana dagoen aita arduratsua da Ricardo. Udaren iritsierarekin, Asturiasko kostaldean kokatutako kanpaleku batera bidaltzea erabakiko du. Semearen klaseko gurasoek Ricardoren asmoen berri jakingo dutenean, aukera probestu eta beren haurrak eramateko eskatuko diote.

Hala, helmugara eramango dituen trenaren bila abiatuko dira haurrak, aita arduraduna eta horietako biren aitona. Umeek bidaia zoroa egingo dute, eta nagusien aurrean egiten ausartzen ez direnak izango dira nagusi haien portaeran.

Irailean, jarraipena izango du Gasteizko aire libreko zinemak, eta bi saiok osatuko dute egitaraua: hilaren 1ean Korterraza Txiki ataleko haurrentzako film laburrak eskainiko dituzte Zumaia Plazan, 19:30ean. Ostean, ipuin kontalari batek hartuko du hizta. Irailaren 3an, bestalde, Chacun chez soi (Michèle Laroque, 2021) lanak itxiko du udako aurtengo proposamena, Santa Maria Katedraleko plazan, 21:00etan:  Catherine eta Yann senar-emazte zoriontsuak dira. Urteak daramatzate ezkonduta, baina, gizonak bere negozioa saldu eta bonsaien zaintzari emana bizi denetik, Catherinek ezikusiarena egiten diola sentitzen du. Hori gutxi balitz, bikotearen alabak, bere mutil-lagunarekin batera etxera itzultzea erabakiko du beren etxetik botatzen dituztenean. Yann adin ertaineko krisi batean murgilduko da, etxekoengandik babesik jaso gabe.