Bilbao Sinfoniettaren kontzertuak

0

Musika Garaikideko Zikloak urtero jasotzen ditu Musika Hamabostaldiko proposamen berritzaileenak: bertako zein nazioarteko konposizioaren azken joerak ezagutzeko interesa duen publikoaren topagunea bihurtu da. Urtez urte, Espainiako eta Europako artista esanguratsuenak pasatzen dira Ziklotik, Euskal konpositoreen musikari beti leku garrantzitsua gordez. Uda honetako lau proposamenakabuztuaren 8, 11, 17 eta 24an ospatuko dira. Horiek guztiak zikloaren ohiko eszenatokian ospatuko dira, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan, 20:00etan hasita.

Aurtengo udan, Musika Garaikideko Zikloak Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarra izango du ardatz, 2021ean Musika Sari Nazionala irabazi zuena. Abuztuaren 8an, Bilbao Sinfoniettak Ametsak lanen zikloa interpretatuko du, Arnold Schoenbergen Pierrot Lunaire ere barne hartzen duen programa batean.

Musika Garaikideko Zikloko kontzertuetarako sarrerek 10 euroko prezioa dute eta Kursaal Auditorioko nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke, baita www.musikahamabostaldia.eus webgunean ere.

Bilbao Sinfonietta – Abuztuak 8, 20:00 – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoa

2016an sortu zenetik, Bilbao Sinfonietta euskal zirkuituko musika garaikidearen talde aktiboenetako bat bihurtu da. Musika hamabostaldian izango duen debuta Gabriel Erkoreka-ri eskainiko dio, izan ere lotura berezia du taldeak musikagile horrekin. Bertan, Ametsak zikloa osorik interpretatuko dute, ametsen garaiko errealitatearen eta denboraren pertzepzioaren distortsioa ikertzen duten hiru lanek osatzen dutena. Ametsak 1 (2013) eta Ametsak 2 (2019) lanekin batera, taldeak zikloko obra berrienaren erabateko estreinaldia egingo du, Ametsak 3. Erkorekaz gain, Bilbao Sinfoniettak XX. mende hasierako modernismo musikaleko maisulan handienetako bat interpretatuko du, Arnold Schoenberg-en Pierrot Lunaire; Albert Girauden izen bereko poema-bilduman inspiratutako 21 abesti atonal laburrez osatutako zikloa.

Bilbao Sinfonietta ganbera orkestra malgua da, musika klasiko-garaikideari testuinguru ezberdinetan aurre egiteko gai dena eta norabide argia duena: gaur egungo kulturaren bihotzera heltzea bertsio koherente eta ausarten bidez. Egungo musikarekiko duen konpromisoak “Pocket Opera” izeneko ganberako opera ziklo txiki bat sortzera eraman du. Ziklo horretako bi lan euskaraz estreinatu ditu denboraldi honetan: Arrosa Xuriaren Artean (F. Domínguez) eta Bigarren Sexua (A. López Iraola). Hainbat izan dira interpretatu dituzten izenburuak, Calixto Bieito, Mikel Gomez de Segura edo Barbora Horakova eszena zuzendariekin, besteak beste: Fallaren Amodio Sorgina, Kurt Weillen Zazpi bekatu nagusiak, I. Stravinskyren Soldadu baten istorioa, eta abar. Dantzari dagokionez, Lucía Lacarra, Matthew Golding, Iratxe Ansa, Igor Bacovich eta Circle of trust konpainiarekin lan egin dute.