‘Apaiz Kartzela’ saritu dute Cerdanya Film Festival jaialdian

0

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago.

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, azaroaren 26an estreinatu zen areto komertzialetan, eta ordutik, Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko hainbat zinema aretotan erakutsi dute.

Aldi berean, nazioarte mailako hainbat jaialditatik igaro da ere: Giza Eskubideen Zinemaldia (Donostia); Close:Up Edinburgh Docufest (Edinburgo, Eskozia); Festival Del Cinema Dei Diritti Umani Di Napoli (Napoli, Italia); Festival Internacional de Cine de Derechos Humanos Miradas Diversas (Caracas, Venezuela); Festival Internacional de Cinema de Cerdanya (Puigcerda, Herrialde Katalanak). Hain zuzen ere, azken honetan jaso du lehen aldiz publiko zein epaimahaikideen errekonozimendua: Dokumental Onenaren Saria eta Ikusleen Memoria Historikoaren Saria eskuratu ditu filmak iragan larunbatean, hilaren 13an, ospatu duten sari-banaketa ekitaldian.

Segura de Leon (Badajoz) herrian ospatuko den OFFCINEDOC – Zinema Dokumental Historiko eta Sozialaren Nazioarteko Jaialdian egingo du hurrengo saiakera. Hilaren 26an, ostirala, emango dute filma. Hitzordu berezia izango da, Segura de Leongo Erdi Aroko gazteluan egingo baitute, iluntzeko 21:00etatik aurrera.

Flmaren ingurukoak

Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, eta, besteak beste, EITBren, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Talde teknikoari dagokionez, Xabier Etxeberriak eta Martin EtxeberriakMiguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperenarenak dira doinuak.